Langabezia

Langabeziaren igoerak eten bat izan du abuztuan

183.408 langabe erregistratu zeuden uztailean Lanbiden eta Nafar Lansaren, ekainean baino 1.504 gutxiago. Beste 37.000 langile atera dira erregulaziotik; 50.000 geratzen dira

Lanbideren egoitza bat, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2020ko abuztuaren 4a
10:30
Entzun

Lau hilabetez zenbaki beldurgarriak eman ondoren, langabeziak igotzeari utzi dio. Uztailaren amaieran 183.408 lagun zeuden lanik gabe Hego Euskal Herrian, hilabete lehenago baino 1.504 gutxiago. Antzera handitu da Gizarte Segurantzan kotizatzen duten langileena ere  (+1.472). Hobekuntza apala da, eta, ziur asko, faktore bati lotuta dago: udan ostalaritzan eta turismoari lotutako lanetan sortzen den aldi baterako enpleguari. Hau da, sortu den bezala desagertzeko arriskua duela.

Ikusi beharko da, era berean, zer gertatzen den udazkenean enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea duten langileekin. Uztailean 50.676 zeuden erregulazioan, Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioaren arabera. Ekainaren amaieran baino 37.000 gutxiago dira, eta erregulazioek goia jo zutenean baino 180.000 gutxiago.

Erregulazioan dauden langileei buruzko kezka handia azaldu du Borja Belandia Lanbideko zuzendariak: «Arazo serioa izango du aldi baterako espedienteak ezin badira irailetik aurrera luzatu». Ez dirudi hori gertatuko denik, Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak azken egunotan baieztatu baitu baldintza bereziko erregulazioak luzatu egingo dituztela irailaren 31n amaitzen direnean. «Ez dugu babes sistema bat sortu ondoren alde batera uzteko», argudiatu du.

Atzo, berriro ere, aldi baterako erregulazioei eusteko deia egin zuten sindikatuek. «Enpleguaren suntsiketa eragozteko eraginkortasun handia erakutsi duen tresna bat da», azaldu zuen Nafarroako UGTk.
 

Turismoaren ondorioa

Herrialde eta eskualde turistikoetan ez bezala, Hego Euskal Herrian uztaila ez da beti ona izaten enpleguarentzat. Turismoarekin lotutako negozioek enplegua sortu ohi dute, baina beste atal askotan kalera joan ohi dira ordura arte lanean egondako milaka langile; hezkuntzan, esaterako. 2018an eta 2019an gora egin zuen langabe kopuruak. Baina 2020a, nola ez, ezohiko urtea izaten ari da lan merkatuarentzat ere, eta behera egin du langabe kopuruak, apal bada ere (-1.504).

Bi faktorek azal dezakete aldaketa hori: batetik, ohikoan udan lana galtzen duten batzuek udaberrian galdu dutela aurten; bestetik, ostalaritzari lotutako jarduera batzuetan uztailera arte itxaron dutela langileak kontratatzeko, herritarrak alde batetik bestera aske mugitzeko debekuak erabat kendu eta negozioak ireki diren arte.

Langabezia batez ere zerbitzuetan apaldu da (-1.595), baina industrian ere pixka bat jaitsi izanak
(-194) erakuts dezake sektore horren jarduera leheneratzen ari dela. Hala ere, ohar bat egin du Belandiak: «Industria sektorea enpleguari eragingo dioten erabakien aurreko fase batean dago». Hau da, Lanbideko zuzendaria beldur dela uda bukatutakoan luzatu egingo ote den kaleratze masiboak iragarri dituzten enpresen zerrenda.

Edonola ere, zantzu positibo horiek guztiek ez dute ezkutatzen larria dela egoera. Iazko uztailean baino ia 40.000 langabe gehiago daude Lanbiden eta Nafar Lansaren. Hau da, %27 handitu da langabezia azken urtean. Igoera handiago bat 2008tik 2009ra ikusi zen soilik, baina hilabete gehiagotan zehar izan zen. Lau urte egin behar da atzera antzeko langabe kopuru bat aurkitzeko.

Langabeen %55,5 dira emakumezkoak eta %44,5 gizonezkoak. Alde horretatik, koronabirusaren krisiak ez du gehiago okertu andrazkoen egoera kaskarragoa, iazko uztailean langabeen %58,5 baitziren emakumeak.
 

Iaz baino 38.000 afiliatu gutxiago

Langabeak galtzeaz gain, langile batzuk berreskuratu ditu lan merkatuak: batez beste, ekainean baino 1.471 lagun gehiagok kotizatu dute Gizarte Segurantzan. Igoera txikia da, kontuan hartuta martxotik ekainera 38.000tik gora afiliatu galdu zituela sistemak, horietatik 2.000 inguru autonomoak eta beste hainbat etxeko langileak.  
 

Erregulazioek desitxuratutako datua

Aldi baterako erregulazioek guztiz baldintzatu dituzte langabeen babes sistemari buruzko datuak. Izan ere, Espainiako Lan Ministerioak bere datuetan ez du bereizten langabezia saria jasotzen dutenen artean zenbat dauden lanik gabe eta zenbat dauden aldi baterako erregulazioan; azken horiek, sailkapen guztien arabera, ez dira ofizialki langabeak. Horrela, ekainean 153.314 lagunek jaso zuten sari bat, hau da, hilabete horretan lanik gabe zeudenen %87k. Baina horien artean dozenaka mila dira erregulazioan dauden langileak, Espainiako Gobernuak pandemiaren hasieran onartutako arauek egoera horretan dauden langile guztiei bermatzen dielako saria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.