Langile bat hil da Altsasun, adar bat gainera erorita

Logroñokoa (Espainia) zen hil den behargina, eta 45 urte zituen; zuhaitzak kimatzeko lanetan ziharduen. Nafarroako CCOOk «bidegabekeria onartezintzat» jo du ezbeharra.

Lan istripuak salatzeko LABen ekintza. K.U.
Lan istripuak salatzeko LABen ekintza. K.U.
14789412 kepa
Altsasu
2025eko ekainaren 23a
18:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Altsasuko Auntzeta inguruan (Nafarroa) zuhaitz mozketan ziharduen behargin bat hil da gaur eguerdian, istripuz. 45 urte zituen, eta Logroñokoa (Espainia) zen. Lehen ikerketen arabera, adar bat gainera erori zaio langileari, eta jo egin du. Larrialdi zerbitzuak hara joan dira, baina ezin izan dute ezer egin gizona suspertzeko.

Nafarroako larrialdi zerbitzuek abisua jaso dute 13:24an, eta Altsasuko eta Arabako suhiltzaileak, erreskate helikoptero bat, SOS Deietako beste bat, anbulantzia bat eta Foruzaingoko hainbat patruila bertaratu dira. Zehaztu dutenez, heltzeko zaila den leku batean gertatu da istripua.

Hildakoaren gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntzaren Institutura eramango dute, han autopsia egin diezaioten. Foruzaingoa gertatutakoa ikertzen ari da.

Nafarroako CCOOren salaketa

Nafarroako CCOOk Altsasun izandako lan istripua gaitzetsi du, eta esan du halakoak «bidegabekeria onartezina» direla, «biktimarentzat eta langile klase osoarentzat»: «Lan heriotzak larritasun handiko zorigaitz pertsonala, familiarra eta soziala dira».

Gauzak horrela, sindikatuak gaurko istripuaren «ikerketa zehatza» eskatu dio Lan Ikuskaritzari, eta, «hala badagokio, erantzukizunak argitzeko».

CCOOren ustez, «lan ezbehar kopurua Nafarroako adierazle sozioekonomiko txarrena da». Hori dela eta, «ahaleginak bikoizteko» exijitu dio Nafarroako Gobernuari, foru komunitatean horrenbeste lan istripu gerta ez daitezen.

Sindikatuaren arabera, lan ezbeharrak ekiditea lortuko litzateke baldin eta «enpresa guztiek zehatz-mehatz beteko balituzte lan arriskuak saihesteko neurriak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.