Langile bat hil da erorita, aurten modu horretan hildako bigarrena

Iaz sei langile zendu ziren erorikoen ondorioz. Altueran aritzen diren langileen aldeko neurriak eskatu dizkiete sindikatuek erakundeei

Hertell kooperatiba, Ikaztegietan. BERRIA.
Iker Aranburu.
2022ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Altuera batetik gora lan egiteak dakartzan arriskuak nabarmen geratu dira, beste behin. Iaz,LABen zenbaketaren arabera, sei langile hil ziren erorikoen ondorioz, eta aurten dagoeneko bi dira, urtea hasi berria den arren. Astelehenean izan ziren bi istripuak: Gasteizen, 47 urteko J.V.S.F. hil zen, Olarizu auzoan eraikitzen ari zen etxe batetik erori eta berehala; Ikaztegietan izandakoan (Gipuzkoa), berriz, asteartean hil zen J.E.U. 23 urteko gaztea, bezperako zaurien ondorioz. Sindikatuek erakundeei eskatu diete erorikoen aurkako neurri eraginkorrak lantzeko eta betearazteko.

LABek eman zuen Ikaztegietako istripuaren berri. Hertell fabrikan gertatu zen, aire ponpak, balbulak eta antzeko aparailuak egiten dituen Mondragon taldeko kooperatiba batean. UGTk zehaztu zuenez, J.E.U. Hertellen eta haren ondoan dagoen Epak S.A. enpresaren fabrika hustuak partekatzen duten sailean zegoen, kutxatilak garbitzen. Une batean, «zabaldu ez dituzten arrazoiak direla medio», gaztea pabiloi hustuaren fibrozementuzko teilatura igo zen, eta handik erori.

Asteartean mota horretako beste istripu bat izan zen, El Buston (Nafarroa). Garabi baten saskian zeuden bi langile hamar metroko altueratik erori ziren, eta bizkarra eta hankak zauritu zitzaizkien.

«Kasualitatea izan da?»

LABek erorikoen larritasunaz ohartarazi du: «Norbaitek sinets al dezake kasualitatea izan dela? Lan istripuei eta lanbide gaixotasunei aurre egiteko berehalako neurriak, kontrol handiagoa eta politika zehatzak eskatzen dizkiegu administrazioei». Zehazki, altuerako lanetarako plan espezifiko bat eskatu die sindikatuak erakundeei, «neurri egokiekin eta benetako prebentzio politikekin, eraikuntzarako eta industria nabeen eta pabiloien berritze eta mantentze lanetarako. Datuak oso gogorrak dira, eta zifra bakoitzaren atzean izenak, familiak eta lagunak daude. Lanetik etxera itzultzen ez diren langileez ari gara».

ELAk ere antzeko deia egin du, «egoera larria» dela uste baitu. Eusko Jaurlaritzari eta patronalari exijitu die berehala ezar ditzatela prebentzio legeriaren ez-betetzeak kontrolatzeko eta jarraipena egiteko neurriak. «Ezinbestekoa da osasuna eta bizitza erdigunean jarriko dituzten erabakiak hartzea, urtero 50 langile baino gehiago hil ez daitezen».

UGTk, berriz, enpresei dei egin die, langileei tresnak eman diezazkieten segurtasunez lan egiteko eta jarduera bakoitzaren arriskua «modu sakonean» neurtzeko. UGT eta CCOO, bakoitza bere aldetik, Gasteizen batu ziren atzo, asteleheneko istripu hilgarria salatzeko. ELA, LAB, ESK, Hiru eta EHNE sindikatuek gauza bera egingo dute gaur, Arabako hiriburuan. Ikaztegietako istripua, berriz, Hertellen egoitzaren aurrean salatuko dute, bihar.

Iaz laneko 62 heriotza zenbatu zituen LABek, eta 63 ELAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.