Baso lanetan ari zen beste behargin bat hil da, LAB sindikatuak jakinarazi duenez. Ezbeharra gaur gertatu da, Eskoriatzan (Gipuzkoa). Zuhaitz baten adar bat erori zaio gainera, mozten ari zela. Horrez gain, sindikatuak jakinarazi du beste behargin bat hil zela atzo Donostian lanean zela; 65 urte zituen, eta lorezaintzan egiten zuen lan. Heriotza ez-traumatikoa izan zen.
Horiek horrela, azken 24 orduetan hiru langile hil dira Euskal Herrian. Izan ere, atzo beste langile bat hil Altsasun (Nafarroa). Hura ere basoan ari zen lanean; pago bat mozten ari zela adar batek jo, eta bertan hil zen. Langileak 45 urte zituen. LABek salatu duenez, lanean «bakarrik» ari zela izan zuen istripua, eta jakinarazi du Logroñoko (Espainia) enpresa batekin zuela kontratua, lanean Nafarroan ari bazen ere.
«Horrek esan nahi du hildako langile hori ez dela Nafarroako zenbaketa ofizialean jasoko, eta heriotza gertatu ez balitz bezala jokatuko duela Txibiteren gobernuak», kritikatu du sindikatuak. Baso lanetan dihardutenen «muturreko prekaritatea» salatu du LABek, eta neurriak eskatu ditu horri aurre egiteko.
LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, aurten Euskal Herrian jada 31 langile hil dira lanean ari zirela.