Langile bat hil da Gasteizen, sei metroko altueratik erorita

Lan istripua joan den asteartean gertatu zen; behargina eraikin baten estalkia konpontzen ari zen, hura hautsi, eta handik erori zen.

Abuztuan Gasteizko Michelinen izandako lan istripu baten aurkako protesta. JUANAN RUIZ / FOKU
Lan istripuak salatzeko elkarretaratze bat, Gasteizen. JUANAN RUIZ / FOKU
aitor biain
2025eko uztailaren 17a
13:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Langile bat hil da asteon Gasteizen, eraikin baten estalkia konpontzen ari zela. Istripua joan den asteartean izan zen, baina gaur eman du horren berri ELA eta LAB sindikatuek. Behargina sei metroko altueratik erori zen. ELAren arabera, aurten jada 31 langile hil dira lan istripuetan. LABen zenbaketan, berriz, 40 hil azaltzen dira,.

Sindikatuak jakinarazi duenez, istripua 17:30 inguruan gertatu zen. Langilea eraikin baten teilatua konpontzen ari zen istripua gertatu zenean. Estalkia hautsi egin zen, eta behargina sei metroko garaieratik erori zen. Larrialdi zerbitzuak bertaratu ziren, baina ezin izan zuten ezer egin; langilea bertan hil zen.

ELAk elkartasuna eta babesa adierazi die beharginaren senideei eta lagunei. Salatu du prekaritatea izan dela istripuaren eragilea, eta gogora ekarri du horren ondorioak autonomoek pairatzen dituztela bereziki: «Prekaritate horren adibide dira, besteak beste, langile autonomoek egin behar dituzten lanaldi amaigabeak, bakarkako lan arriskutsuak eta babes neurri falta».

Egeora «larria» dela eta, sindikatuak Eusko Jaurlaritzari eta Confebaski exijitu die lan ikuskaritzak areagotzeko, enpresek lan prebentziorako neurriak betetzen dituztela berma dezaten.

Bi zauritu

Horrez gain, bi langile zauritu dira bi lan istriputan, bata Lesakan eta bestea Iruñean, Nafarroako larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez. Lesakako istripua goizeko zazpiak inguruan gertatu da, Alkaiaga industrialdeko enpresa batean. Makina batek besoa harrapatu dio 23 urteko langile bati. Behargina Irungo Bidasoa ospitalera eraman dute. 

Iruñeko istripua, berriz, 08:30ean gertatu da, Landabengo industrialdean. Langile bati pieza bat erori zaio gainera, eta orkatila hautsi du; 50 urteko behargina Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.