Langile bat hil da goizaldean Laudion, leherketa baten ondorioz

Vibrantz enpresako labeetako batean izan da leherketa, 00:15ean, mantentze lanak egiten ari zirela. Hildako behargina Laudiokoa bertakoa zen, eta 49 urte zituen. Bihar elkarretaratzea egingo du langile batzordeak, 11:30ean.

Lan heriotzak salatzeko ekintza, artxiboko irudi batean. LAB
Lan heriotzak salatzeko ekintza, artxiboko irudi batean. LAB
14789412 kepa
2026ko ekainaren 9a
08:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, leherketa bat izan da Laudioko Vibrantz enpresako labeetako batean (Araba), 00:15ean, mantentze lanak egiten ari zirela; horren ondorioz, Laudioko 49 urteko J.B.V. langilea hil da. Besteak beste, suhiltzaileak eta Osalaneko teknikariak bertaratu dira, istripua zergatik gertatu den ikertzeko.

Laudioko Areta auzoan dago Vibrantz Performance Pigments Spain lantegia, eta pinturak egiteko pigmentu ez-organikoak fabrikatzen eta merkaturatzen dituzte han. Hain zuzen, labeetako batean eztanda izan da. Langile batzordeko kideek azaldu dutenez, labearen matxura bat konpontzera bertaratu da lankidea, mantentze atalean aritzen baitzen, eta labearen leherketak bete-betean harrapatu du.

Enpresak jarduera etetea erabaki du ezbehar larriaren ondorioz, eta lantegia itxita egongo da gaur eta bihar. Langile batzordeak mobilizazioa antolatu du biharko, 11:30etik 12:30era, ordubetez, lantegiaren aurrean. Aiaraldeko Greba Batzordeak ere protestara deitu du, ez bada bihar arratsalderako, ostegunerako.

ELA sindikatuak egindako zenbaketaren arabera, aurten lan istripuz Euskal Herrian hildako 21. langilea da Laudiokoa. LABek, berriz, lan istripuen ondoriozko 33 heriotza zenbatu ditu orain arte. Araban hildako zazpigarren behargina litzateke, ELAren eta UGTren arabera.

Laudiokoa aurten Araban hildako zazpigarren langilea da, ELA eta UGT sindikatuen arabera

Sindikatuak gertatutakoaren inguruko informazio gehiago biltzen ari dira. Nolanahi ere, ELAk salatu du «lan prekaritatea» eta enpresariek laneko arriskuen prebentzioan egiten duten «inbertsio eskasa» direla, sarritan, halako lan heriotzen arrazoi nagusiak. Are, sindikatu horrek adierazi du Eusko Jaurlaritzak ez duela «behar adinako borondaterik eta baliabide eraginkorrik» lan istripuen arazoari aurre egiteko. «Laneko ezbeharrak benetako gaitz sozial bat dira oraindik ere».

LABek, berriz, enpresetan indarrean dagoen araudia betearaz dezatela eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, «marketin kanpainak alde batera utzita».

UGTk, berriz, eskatu du egiaztatzeko ea segurtasun neurriak betetzen ziren eta argitzeko ea gertakarien erantzukizunik eska daitekeen. Gogorarazi dutenez, «oso garrantzitsua da makina guztien prebentziozko mantentze lanak egitea, makinek matxurak dituztenean egiten diren mantentze lanetara mugatu gabe».

Sindikatuek doluminak helarazi dizkiete hildako langilearen senide, lagun eta lankideei, eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak ere «atsekabea» agertu du Arabako Foru Aldundiaren izenean, baita hildakoaren senide eta lagunei «babes eta hurbiltasun osoa» helarazi ere.

Sutea Lazkaoko CAFen

Laudioko leherketaz gain, CAFek Lazkaon (Gipuzkoa) duen pintura biltegi batek su hartu du gaur, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Sua 02:30ean piztu da, beharginak lanean ari zirela. Nolanahi ere, ez da inor zauritu. Bertaratutako suhiltzaileek 04:00etan amaitu dute itzaltzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA