Garraiolari bat hil da Legutioko Goiain industrialdean

Langilea zerrautsa deskargatzen ari zen, eta zama gainera erori zitzaion. LABek salatu du zamatze lanetako neurri prebentiboak sarritan ez direla betetzen.

Larrialdi zerbitzuak, atzo arratsaldean, istripua izan zen tokian. EUSKADIKO SUHILTZAILEAK
Larrialdi zerbitzuak, atzo arratsaldean, istripua izan zen tokian. EUSKADIKO SUHILTZAILEAK
jokin sagarzazu
2026ko martxoaren 25a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Langile bat hil zen astearte iluntzean Olatek enpresan, Legutioko Goiain industrialdean (Araba). 41 urteko garraiolari bat da, Olatekek azpikontratutakoa, eta zerrautsa zeraman kamioi bat garraiatu zuen Legutioraino. Hura deskargatzen ari zela, zama gainera erori zaio, oraingoz azaldu ez duten arrazoiak direla medio. Istripuaren berri izan bezain pronto, Gasteizko eta Langraizko suhiltzaileak, Ertzaintzako patruilak eta anbulantziak bertaratu ziren, baina ezin izan zuten ezer egin langilea bizirik iraunarazteko.

LABek ordezkaritza zabala du Olateken, eta haren kideek sindikatuari azaldutakoaren arabera, uste du ez zirela bete zamatze lanetarako legeak ezartzen dituen neurri prebentiboak, 1997az geroztik indarrean dauden arren. «Zamatze lanen prozedurek, azpikontratatutako garraiolariaren urrats guztiak arautzeaz gain, enpresako langileenak ere jasotzen dituzte. Esan gabe doa koordinazio horretan azpikontratatutako garraiolariaren segurtasun bermeak kontratatzailearen ardura direla. Berriro ere prebentzioak huts egin du, eta hildakoa langilea da, ez enpresaria», salatu du sindikatuak.

Haren arabera, enpresek «inpunitate osoz» jokatzen dute, eta lan osasuneko araudia urratzen dute, «badakitelako ez Osalanek, ez Ikuskaritzak, ez Lan Agintaritzak ez dituztela benetako neurri zigortzaileak hartuko. Politika horiekin inpunitatea betikotzen da».

Olatek enpresako langileek 24 orduko lanuztea hasiko dute gaur gauean, eta bihar goizean lantegiaren aurrean bilduko dira, istripua salatzeko eta lankidea gogorarazteko.

Olatek Egoin taldeko hiru lantegietako bat da, eta besteak Natxituan (Ea, Bizkaia) eta Albertian (Legutio) daude. 200 langile ditu gaur egun, eta Europa hegoaldean eraikuntzarako egur hornitzaile handiena dela aldarrikatu du bere webgunean.

Hamalaugarrena

LABen arabera, dagoeneko hamalau langile hil dira aurten beharrean ari zela. Horien artean sartu du atzo Gasteizen hildako beste garraiolari bat, Barco Motor enpresakoa. 58 urte zituen eta hilaren 19an «istripu ez traumatikoa» izan zuen, bere kamioian zegoela. 

Astelehen arratsaldean, berriz, Hernaniko Cominter enpresan lanean ari zen ABLE aldi baterako enpresa bateko langile bati 200 kiloko objektu bat erori zitzaion gainera, eta harrapatuta geratu zen. LABek nabarmendu du astebete eskas zeramala lanean, eta langile horiek direla, hain zuzen ere, prebentzio «neurri eskasenak» pairatzen dituztenak. Gainera, salatu du langile zauritua ospitale batetik bestera eraman zuten anbulantzian, ABLE bateko langilea izanik, hura artatzeko prozedura ez zegoelako garbi.

ELAk, bere aldetik, 11 hildako zenbatu ditu aurten. Agiri baten bidez, sindikatu horrek ziurtatu du azken urteetan lan heriotzen kopuruak gora egin duela, baina hori ezin dela «normalizatu». Legea urratzen dela dio, eta ez dagoela kontrol neurririk istripuak saihesteko. Egoeraren larritasuna ikusita, ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio kontrol eta jarraipen neurriak ezar ditzala prebentzioko legeria beteko dela ziurtatzeko.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!