Lan istripuen odolusteak ez dauka etenik: joan den astelehenean, ekainaren 16an, C.J.V.G. izeneko behargina hil zen Mungian, 58 urtekoa, Mesa enpresan izandako ezbehar ez-traumatikoan. LAB sindikatuak eman du gertaeraren berri, eta adierazi du «langileek bizi eta lan baldintza duinak behar dituztela, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea baitute».
Gaitz horri amaiera emateko «bide bakarra borroka eta antolakuntza» direla nabarmendu du LABek, eta administrazio publikoak eta patronala jopuntuan jarri ditu: «Prekaritatea amaitu behar da. Patronalaren inpunitatea amaitu behar da. Erakundeek ezin dute beste alde batera begiratzen jarraitu; gertatutakoaren konplize izango dira bestela».