Langile bat hil da gaur goizean lan istripu batean, Zamudioko Ugaldeguren III industrialdean (Bizkaia), Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Ezbeharra 09:00etan gertatu da, Eurobots Industrial Machinery Export enpresan.
Robot industrialak egiten ditu aipatutako enpresak, eta beharginak zamaketa lanetan ziharduela gertatu da istripua. Horren berri jakin bezain pronto, ertzainak, suhiltzaileak eta osasun zerbitzuak bertaratu dira, baina ez dute ezer egiterik izan langileari bizia salbatzeko. Ertzaintzak ikerketa abiarazi du, istripuaren nondik norakoak argitzeko.
LAB sindikatuak egindako zenbaketaren arabera, aurten lan istripuz hildako 25. langilea da Zamudiokoa. ELAk, berriz, lan istripuen ondoriozko 17 heriotza zenbatu ditu orain arte, eta hamazortzigarrena litzateke gaurkoa.