LAB sindikatuak jakinarazi duenez, 32 urteko langile bat hil da gaur arratsaldean Zumaiako Estaños Matiena enpresan (Gipuzkoa), pieza handi batek jota. Aurten Euskal Herrian lanean izandako laugarren heriotza izan da gaurkoa.
Enpresaren ardura azpimarratu du sindikatuak. Adierazi duenez, Estaños Matiena nabarmentzen da «langile migratu eta prekarizatuak» baliatzeagatik lan arriskutsuak egiteko, eta prebentzio arauen aplikazioari «inpunitate osoz» itzuri egiteagatik. Gogorarazi du abuztuan beste istripu larri bat izan zela enpresan: LABen esanetan, langile batek deskarga elektriko bat jaso zuen «araudia betetzen ez zuen makina batekin» ari zelarik, larri zauritu zen, eta osatu aurretik enpresak kaleratu egin zuen. LABek salaketa jarri zuen istripu hura zela eta, baina, esan duenez, orain arte «alferrik» izan da.
Enpresaren erantzukizuna ez ezik, instituzioen «arduragabekeria eta utzikeria» ere salatu ditu LABek; «Bistan da badaudela herri honetan botere handia duten enpresariak; egoera honek pentsarazten digu instituzioen lana oztopatzeko eta baldintzatzeko gaitasuna dutela».
LABek iragarri du enpresaren kontrako «ekintza sindikal eta juridikoa» abiaraziko duela, eta «instituzioei arduraz jokatzeko» eskatzen jarraituko duela.