Elkar-ekin taldeak gutun baten bidez jakinarazi ditu gertakariak, Uztarria-n. Hildako langileak Luis Enrique Soriano zuen izena, eta dominikarra zen sortzez. Duela hiru urte iritsi zen Azpeitira, 17 urterekin. Manuel Aizpuru S. M. enpresan aurkitu zuen lana. Baina han presio handia zuela azaldu du Elkar-ekin-ek: «Hamabi orduko lanaldiak egiten zituen, eta baziren [ordu] gehiago sartzen zituen egunak. Larunbatetan ere lanera joaten zen: kontaezinak ziren astean egiten zituen lanorduak. Behartu egin zuten horretara».
Nagusiak oihu eta irain egiten bide zion «akatsen bat egiten zuen bakoitzean», elkarteak azaldu duenez. Piezaren bat gaizki egiteagatik soldata murriztu ere egin zioten inoiz. COVID-19 gaitzak jota egon arren lanera joatera ere behartu zuen nagusiak: «gauez eta bakarrik» aritu zen orduan, Elkar-Ekin taldeak jasotako testigantzen arabera. Hildakoaren senideekin elkartu ziren taldeko kideak, doluminak emateko, eta haiek emandako lekukotasunetan oinarritu dira auzia ezagutarazteko.
Taldeak esplikatu du uztailaren 30ean pieza bat gaizki atera zitzaiola Sorianori, eta nagusiak gogor hartu zuela. Gau hartan hilotz aurkitu zuten langilea, lantegian bertan. Elkarteak zehaztu du gazteak ez zuela arazo psikologikorik. Ertzaintzak zenbait diligentziaabiatu ditu, kasua ikertu du, eta epaileari entregatu dio txosten bat,etaondorioztatu suizidio bat izan dela.
18:30ean plazan
Prekaritate eta jazarpen kasuak lantegietan sarritan gertatzen direla oroitarazi du elkarteak, eta migratzaileentzat okertu egiten direla baldintza horiek. Heriotza latz hau ez dute «ahanzturan galtzen» utzi nahi. Elkarretaratzea egingo dute abuztuaren 10ean (asteartea), 18:30ean, Azpeitiko plazan. ELA, LAB eta ESK sindikatuek atxikimendua agertu diote protesta horri. Ahanzturarik ez, Luis Enrique gogoan leloarekin egingo dute elkarretaratzea.