2025ean enpleguak gora egin zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta elbarritasunen bat duten langileen artean ere bilakaera positiboa izan zuen. Lurralde horietako gizarte ekimeneko zentro bereziek 30 pertsona gehiagori eman zieten lana, eta gaur egun 8.746 dira. Igoera apala den arren (+%0,3), kontuan hartu behar da 133 izan zirela enplegu arruntera igaro ziren elbarriak.
EHLABE Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkarteak iazko balantzea egin du gaur goizean, eta Asier Vitoria presidenteak haren «osasun ona» nabarmendu du. Iazko datuari baino gehiago, azken hamar urteetako bilakaerari erreparatu dio. Izan ere, hamarkada batean %23 handitu da lanean diharduten elbarrien kopurua: 7.118tik 8.746ra.
Datu orokorrei erreparatuta, elbarritasunen bat duten helduen %45,7k dute enplegua, eta hamarretik seik %65etik gorako elbarritasuna dute. Enplegu zentro bereziek (Gureak, Lantegi Batuak, RAEP...) 431 milioi euro fakturatu zituzten, eta, elkartearen kalkuluaren arabera, 8,7 euro sortu zituzten erakunde publikoetatik jasotako euro bakoitzeko.

Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak nabarmendu du datu horren atzean beren bizi proiektua autonomiaz eta duintasunez garatu dezaketen milaka pertsona daudela, eta EAEko eredua arrakastatsua dela, «lehiakortasun ekonomikoa eta gizarte kohesioa uztartzea» posible dela erakusten duelako.
Vitoriak, berriz, beste datu bat nabarmendu du, enplegu zentro berezietatik enplegu arruntetara igarotako langileena. Iaz 133 izan ziren, eta horietatik 104 behar handienak dituzten elbarriak dira. 2015etik 1.776 izan dira EHLABEren eskutik enplegu arruntera igaro diren elbarriak.