Langile publikoen greba deialdiko gutxieneko zerbitzuak gogor kritikatu dituzte sindikatuek

Osakidetzako Etengabeko Arreta Guneetan, esaterako, ohiko egunetan baino langile gehiago egongo direla salatu dute.

GREBA OSAKIDETZAN
Osakidetzan deituriko greba bateko afixa. RAUL BOGAJO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko abenduaren 15a
15:10
Entzun

Sektore publikoko langileak grebara deituta daude abenduaren 19rako, eta sindikatuek gogor kritikatu dituzte Eusko Jaurlaritzak egun horretarako ezarritako gutxieneko zerbitzuak. Salatu dute, esaterako, lantoki batzuetan ohiko lanegunetan baino jende gehiagok egingo duela lan. Etengabeko Arreta Guneak dira horren adibide, langileen %100 deitu baitituzte, eta hori ez da ohikoa. Era berean, erakundeei eskatu diete grebaren erantzunaren datuak manipulatu ez ditzatela.

ELA, LAB, CCOO, Steilas, SATSE eta ESK sindikatuek deitu dute grebara, eta beren haserrea plazaratu dute ohar baten bidez. Salatu dute gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla, urriaren 25eko deialdian gertatu bezala, eta greba eskubidea oztopatzea dutela helburu. Sindikatuen arabera, gutxieneko zerbitzu horiek pandemia aurreko protestaldietan ezartzen zirenak baino handiagoak dira.

Baina zenbat langile deitu dituzte lanera greba egunean? Osakidetzan, esaterako, lehen arretan, larunbatetako zerbitzua bermatu beharko da, eta pandemiaren aurretik jaiegunetako zerbitzuak ezartzen zituen Lan Sailak. Sindikatuen ustez, paradoxa handiena EAG Etengabeko Arreta Guneak dira. Osasun zentro horietan lantaldearen %100 deitu dute lanera, eta hori ohiko langile kopurua baino handiagoa da. Izan ere, azaldu dutenez, egunerokoan hutsune asko ez dira ordezkatzen eta EAG batzuetan ez dago beti bermatua mediku bat lanean aritzea. Sindikatuek, halaber, beste ondorio bat atera dute gutxieneko zerbitzu horietatik: «%100eko gutxieneko zerbitzuak esan nahi du zentro horiek gutxieneko zerbitzuetan lan egiten dutela urte osoan»

Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan ere handitu dituzte gutxieneko zerbitzuak. Pandemiaren aurretik, zuzendaritzako pertsona batek eta sarrera kontrolatzeko beste batek egon behar zuten; egun, aldiz, irakasle batek egon behar du hezkuntza etapa bakoitzeko. Horrez gain, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, pertsona batek egon behar du 100 ikasleko.

Gutxieneko zerbitzuez gain, sindikatuek grebaren erantzunaren datuak manipulatzea egotzi diete erakundeei. Kalkulatzeko moduan ikusten dute amarrua; izan ere, datuak emateko orduan, lantalde osoa hartzen da oinarritzat kalkulua egiteko eta ez greba eskubidea duten langileen kopurua. «Adibidez, Osakidetzako Larrialdietako langileen kasuan, %100eko zerbitzu minimoak ezartzen zaizkie, eta gero, datuak ematean, adierazten dute grebaren erantzuna %0 izan dela», azaldu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.