EAEko langile publikoek greba egingo dute urriaren 25ean eta abenduaren 19an

ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek deitu dute lanuzteetara. Soldatak %10 igotzea eta behin-behinekotasuna %8ra jaistea eskatzen dute

Sonia Aldabe CCOOko ordezkaria, Igor Izagirre ELAko Funtzio Publikoko arduraduna eta Irati Tobar LABeko Hezkuntza arduraduna, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
iraia vieira gil
Bilbo
2023ko irailaren 16a
00:00
Entzun
ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek atzo iragarri zutenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoko langileek greba egingo dute urriaren 25ean eta abenduaren 19an. Uste dute zerbitzu publikoek «okerrera» egin dutela azken urteotan, eta horrek, ezinbestean, eragin zuzenekoa izan duela herritarrei eskainitako arretan. Egoera hobetu ahal izateko, beste gauza batzuen artean, 2024rako soldatak %10 igotzea eta langileen behin-behinekotasuna %8ra jaistea eskatzen dute. «Asko dira hobetu nahi ditugun kontuak, eta horretarako neurri eraginkorrak eta errealak behar ditugu», azpimarratu du Irati Tobar LABeko Hezkuntza arduradunak.

Orain arteko protesta gehienak arloka egin dituzten arren —hezkuntza eta osasun eremuetan, esaterako—, sindikatuek ez dute hamar urtetan hitzarmenik berritzea lortu, eta borroka dinamika aldatzea erabaki dute orain. «Egoera transbertsala denez eta guztiek antzeko beharrak ditugunez, bat egitea erabaki dugu», berretsi du Igor Izagirre ELAko Funtzio Publikoko arduradunak. Orotara, 150.000 langilek egiten dute lan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoan, eta grebara deitu dituzte guztiak: administrazio orokorra, udal eta foru administrazioak, hezkuntza, Osakidetza... «Ez da oraingo erabakia izan, baizik eta azken urteetan pilatuz joan diren kontuei emandako erantzuna». Emakumeen eta gizonen arteko soldata arrakala, adibidez, %25ekoa da oraindik ere.

Horrez gain, «soldata publikoak eta enplegu publikoaren beharrak» Jaurlaritzaren esku egon beharko liratekeela uste dute. «Madrilek hartzen ditu erabakiak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoaren inguruan, baina zergatik?», galdetu du Izagirrek. Jarraian eman du erantzuna: «Borondate politikoko kontua da erabat; Gernikako Estatutuaren arabera, Jaurlaritzak du horretarako eskuduntza». Hala, talde guztien ustez, zerbitzu publikoak indartzea, enplegu publikoa sortu eta kontsolidatzea, lan baldintzak hobetzea eta galdutako erosahalmena berreskuratzea aurrekontuetan zehaztutako helburuak izan beharko lirateke.

Negoziazio mahaietan adostu ezin izan dituzten neurriak ere «behingoz» zehaztu nahi dituzte Jaurlaritzarekin. Hainbat eskaera aipatu dituzte: azken bi urteetako erosahalmena berreskuratzeko soldata 2024an %10 igotzea; lanpostuak kontsolidatzea eta behin-behinekotasuna %8ra jaistea; pribatizazioa amaitzea; lanaldi partzialak erregulatzea; erretiro kontratuak bermatzea; lan kargak murriztea; euskararen ezagutza bermatuko duten formakuntzak emateko planak adostea; langileen osasun kudeaketa publikoa ahalbidetzea; berdintasunerako «benetako» urratsak egitea; eta 32 orduko lanaldia ezartzea.

Datu zehatzak

Izan ere, sindikatuek emandako datuen arabera, %20 murriztu da batez beste azken bi urteotan langile publikoen erosahalmena. Soldaten igoera zuzenarekin, baina, %10eko igoera lortu nahi dute sindikatuek; gainerakoa Jaurlaritzak zortzat hartzea nahi dute, eta etorkizunean berreskuratuko dutela ziurtatzea. Bestalde, zerbitzu publikoetako lan kontratuen %40 behin-behinekoak direla salatu dute, eta 100.000 langile azpikontratatu dituztela.

Gizarte premiak «larritzen» ari diren heinean, ordea, bankuen irabaziak inoiz baino gehiago hazi dira aurten, sindikatuek deitoratu dutenez. Izagirrek berak eman ditu datu zehatzak: «2023ko diru bilketa izan da azken urteotako errekorra; gizarteak sortutako 10.000 milioi euro bankuetan gordeta daude». Diru hori herritarren arreta hobetzera, soldatak igotzera, euskarazko formakuntzei bide ematera edota emakumeen eta gizonen arteko soldata arrakala amaitzera bidera daitekeela uste dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.