Langile publikoen soldata igotzeko dekretua berretsi du Espainiako Kongresuak

Soldatak %2,5 igoko dira 2025ean, atzerako eraginez, eta beste %1,5 2026an, %0,5eko osagarri batekin KPIak %1,5eko tasa gainditzen badu.

Oscar Lopez, Funtzio Publikoko ministroa, gaur, Kongresuan. JAVIER LIZON / EFE
Oscar Lopez, Funtzio Publikoko ministroa, gaur, Kongresuan. JAVIER LIZON / EFE
Irune Lasa.
2025eko abenduaren 11
17:27
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jakina zen PPk langile publikoen soldata igotzearen alde egingo zuela gaur Espainiako Kongresuan, eta azkenean ez da ustekaberik izan. Beste behin ere, Aurrekontu Orokorren faltan, dekretu bidez iritsiko dira funtzionarioentzako igoerak. 

309 diputaturen aldeko eta 32 diputaturen kontrako botoekin, langile publikoen soldatak aurten %2,5 igoko dira, atzerako eraginez, eta beste %1,5 finko bat 2026an, %0,5eko osagarriarekin urteko KPIak %1,5eko tasa gainditzen badu.

Berez, lau urterako da Espainiako Gobernuak azaro amaieran UGT eta CSIF sindikatuekin itxitako akordioa —geroago batu da CCOO—, orotara %11ko igoera jasotzen duena, baina gaur onartutako dekretuak soilik lehen bi urteetako igoerak jaso ditu. 

235.000 langile

Neurriak Hego Euskal Herriko 235.000 langile publikori eragingo die, administrazioetako langile publiko guztiei aplikatzen baitzaie estatu mailako funtzionarioen igoera bera, salbuespenak salbuespen. 

Nafarroako Gobernuak atzo onartu zuen bere langile publikoentzako igoera, eta 2025eko igoerari dagokion ordaina abenduko nominan jasoko dute beharginek. Eusko Jaurlaritzak, berriz, astearteko Gobernu Kontseilua baliatu dezake igoerak onartzeko. 

Estatuko langileei aitortutako soldata igoera bera aplikatuko da zeharka itunpeko ikastetxeetako irakasleen soldatetan ere, haien igoera langile publikoei ezarritako berbera baita, gobernuek ordaintzen dituztelako soldata horiek. 

ELAk neurria ez babesteko eskatu zien euskal alderdiei, eta sektore publikoko langileen lan baldintzak «Madrilen esku uzteko egiten duten hautua» alde batera uzteko. Sindikatu horren arabera, Hego Euskal Herriko erakunde publikoek badute eskumena beren langileen lan baldintza guztiak erabakitzeko, soldata barne. 

IGOERAK URTEZ URTE

  • 2025. %2,5ekoa, atzerako eraginez. Abendu honetan jasoko lukete diru hori guztia langile publikoek. Aurten izoztuta eduki dituzte soldatak, Espainiako Gobernuak ez zituelako aurrekontuak onartu. Udan, %0,5eko igoera bat jaso zuten, atzerako eraginez hori ere, 2024koa, urte horretan izandako KPIaren igoeraren osagarriarena. 
  • 2026. Urtarriletik aurrera, %1,5eko igoera finkoa eta %0,5eko osagarria, urte horretako KPIa %1,5 baino gehiago baldin bada. Osagarri hori 2027rako jasoko lukete, atzerako eraginez.
  • 2027. %4,5ekoa edo %5ekoa, KPIaren eragina aurreko urtean ez bada aplikatzen.
  • 2028. %2koa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.