Inflazioaren kaltea pixka bat arintzeko aukera izango dute Hego Euskal Herriko ia 200.000 langile publikoek. Urriko soldata ordainketan %0,5erainoko igoera gehigarri bat izango dute, eta ekonomiaren bilakaeraren arabera, beste puntu erdiko bat lortzeko aukera dute. Batak zein besteak atzerako eragina izango luketenez, urtarriletik jasotako soldaten gainean ordainduko dizkiete.
Espainiako Gobernuak eta CCOO eta UGT sindikatuek iaz sinatutako akordio batek ireki du atea orain langile publikoek erosteko ahalmena handitzeko. Haren arabera, soldatak %2,5 handitu ziren urtarrilean, baina %0,5erainoko beste igoera bat izango zuten baldin eta 2022ko eta 2023ko irailen arteko KPIen baturak %6 gainditzen bazuen. Hala gertatu dela baieztatu zuen atzo INE Espainiako estatistika institutuak: iaz, batez besteko inflazioa %8,4 izan zen, eta %3,6 izan da aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan.
Itunak dio «gehienez %0,5» handituko dituztela soldatak, baina administrazio bakoitzari dagokiola kopuru zehatza erabakitzea. Estatuko administrazioko langileei %0,5 ezarriko zaiela aurreratu dute sindikatuek. Gutxi gorabehera 15.000 dira Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan.
Aldundietan, udaletan eta kontzejuetan 40.000 lagun inguru aritzen dira, eta 145.000 dira Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko eta haien menpeko erakundeetan lan egiten dutenak.
Beste sektore batera ere iritsi daiteke igoera: eskola kontzertatuetako irakasleetara eta hezitzaileetara. Haien soldatak diru publikoarekin ordaintzen dituzte, eta langile publikoei egin ohi dizkieten eguneratzeak egin ohi dizkiete haiei ere. Lotura hori, ordea, ez da automatikoa, eta sektoreko negoziazio mahaietatik igaro behar du aurretik.
Hain zuzen ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoan —irakaskuntza barne— eta itunpeko eskoletan soldaten eguneratzea da hurrengo asteotarako deitutako greben arrazoietako bat. Sindikatuek KPIaren araberako igoerak eskatzen dituzte, eta aurreko urteetan galdutako erosahalmena berreskuratzea.
Beste igoera bat
Igoera urriko soldatarekin ordaintzea da asmoa, baina atzerako eragina izango du. Hau da, urte hasieratik jasotako soldata guztien gainean ordaindu beharko dutela administrazioek.
Gerta liteke inflazioari lotutako emendatzea azkena ez izatea. Izan ere, Madrilgo gobernuak CCOOrekin eta UGTrekin sinatutako itunak dio Espainiako BPG barne produktu gordina aurten %2,1 edo gehiago haziz gero gehienez beste %0,5 handituko direla langile publikoen sariak, atzerako eraginez hori ere.
Gaur egun, egingarria dirudi igoera horrek. Iragan astean baieztatutako datuen arabera, Espainiako ekonomia %2,2 handitu zen 2023ko bigarren hiruhilekoan, iazkoarekin alderatuz gero. Antzeko kopuru bat espero dute urte osorako Espainiako Bankuak (%2,3) eta Europako Batzordeak (%2,2).