Langileen eskuetan geratu da VWek, UGTk eta CCOOk hitzartutako aurreakordioa

Bi sindikatu nagusiek batzar bat antolatu dute larunbaterako, langileei edukia azaltzeko. Galdeketa bat egingo da datorren astean; gaur erabakiko dute zehazki noiz

Landabengo fabrikan ekoitzi diren ibilgailuak, aparkalekuan, merkaturatzeko prest. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko urriaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
VWeko X. lan ituna atzo izenpetzea espero zuen zuzendaritzak, baina beste astebete itxaron beharko du. Langile batzordean gehiengoa duten bi sindikatuak, UGT eta CCOO, ados daude zuzendaritzaren proposamenarekin, baina aurreakordio horren onurez konbentzitu nahi dituzte langileak. Larunbaterako batzarrera deitu dituzte fabrikako 4.500 beharginak —16:00etan egingo dute—, akordioaren nondik norakoak azaltzeko. Gainera, haren edukiari buruzko galdeketa bat antolatuko da datorren astean. Zuzendaritzaren eta sindikatuen arteko gaurko bilkuran erabakiko da zehazki noiz egingo den erreferendum hori.

Azken bi urrats horien zain, Volkswagenek ohar bidez baieztatu zuen akordioa egin duela UGTrekin eta CCOOrekin. Jesus Galindo Industria Harremanetako zuzendariak espero du langileek akordioa onestea: «Konbentzituta nago langileek ontzat joko dutela, ona baita haientzat. Bi aldeek esfortzua egin dute elkar ulertzeko. Enplegurako, erosahalmenerako eta etorkizunerako bermeak jasotzen ditu».

Atzo goizean bildu ziren langile batzordeko bost sindikatuetako kideak: UGTk hamahiru ordezkari ditu; CCOOk, zortzi; ELAk, lau; LABek, hiru; eta CGTk, bi. Hitzartutakoa azaltzeko batzarra noiz egin izan zuten hizpide. ELAk eta LABek batzarra larunbatean antolatzearen kontra egin zuten, eta batzarra txanda bakoitzeko lanorduetan egitea proposatu. ELAren arabera, batzarrak parte hartzailea eta irekia izan beharko luke, eta aste barruan egiteak hori bermatuko luke. Alta, batzordean gehiengoa dutenez, larunbat arratsaldean egitea erabaki zuten CCOOk eta UGTk.

Asteburuan fabrika itxita egon ohi da, eta enpresak aparteko orduak ordaindu behar izaten ditu. VWek nahiago du bertaratzen direnei ordainsari hori pagatu, astean txanda bakoitzeko produkzioa eten baino. LABek adierazi zuen ez dutela parte hartuko batzarrean.

Erreferendumaren eguna ez ezik, zehazteko dago langileei zer galdera egingo zaien ere. UGTk eta CCOOk nahi dute bete beharrekoa izatea; hau da, batzorde guztiak errespetatu beharko luke emaitza, eta, akordioaren aldekoak gailenduz gero, hura sinatzera behartuta leudeke gainerako sindikatuak. «Hori irenstera behartu nahi gaituzte. Nik esan diet ezetz, galdeketa ez dela loteslea izango, inoiz ez delako hala izan. Gure afiliatuek izan ezik, inork ez du LABen izenean erabakiak hartzeko ahalmenik», salatu zuen LABeko Raul Portillok.

Bileran, ELAk galdetu zuen zer gertatuko litzatekeen langile gehienek aurreakordioaren kontra bozkatuz gero. Alfredo Morales batzordeko presidenteak (UGT) erantzun zuen ez daudela prest beste sindikatuen proposamenak defenditzeko, eta erantzukizun hori haren egileen gain geratuko litzatekeela soilik. Beste sindikatuak erreferendum loteslearen aurka agertu direnez, UGTk esan zuen modu bat topatu behar dela langileek aurreakordioari atxikimendua banaka adierazteko. ELAk erantzun zion horrek gatazka eragingo lukeela fabrika barruan, langileen artean.

Lau orriko dokumentua

Volkswagenek, UGTk eta CCOOk hitzartutako aurreakordioak enpresaren asmoak jasotzen ditu, baina lotu gabe utzi ditu eraldaketa elektrikoak lan baldintzetan izango dituen ondorioen inguruko hainbat gai. Forman ere islatzen da konpromisoen inguruko dokumentu bat dela: IX. lan hitzarmenak 115 orrialde zituen, eta orain izenpetu nahi den agiriak, berriz, hiru baino ez.

X. lan hitzarmenerako proposamena hiru urterako da, eta, langileek oniritzia emanez gero, soldata KPIa adina igoko da urtero. Gainera, 900 euroko errendimendu sari bat pagatuko zaie. Era berean, egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko prentsa berria eraikitzeko asmoa jasotzen du. Inbertsio hori laster gauzatzea espero bazen ere, asmoa azaldu bai, baina oraindik ez da baieztatu. Produkzioari dagokionez, 2027tik aurrera urtean 350.000 auto egitea jarri du helburu gisa VWek.

2024aren erdialdetik 2025aren amaierara arte enpresa utzi beharko duten laurehun langileei dagokienez, errelebo kontratuen alde egiten du. Dena den, Espainiako Gobernuak urtarrilaren 1etik aurrera autogintzari begirako kontratu hori luzatu ezean, enpresa nork bere borondatez uzteko aukera aipatzen du, eta absentismoarekin lotu.

LABek argudiatu du hori dela ezetz bozkatzeko arrazoi nagusietako bat. «Ez dago ezer. Errelebo kontraturik ez badago, ez dakigu zer arrazoi eta zer eskainiko zaien langile horiei. Dena lotu gabe dago, itxi gabe», azaldu zuen Portillok. Baimenen inguruko legedi aldaketaren ondorioz, VW prest azaldu da hainbat kontratu mugagabe egiteko —ez dute zehaztu zenbat—, eta hala eta guztiz ere urte eta erdiz laurehun lanpostu kentzeko asmoari eusten diola salatu zuen Portillok.

ELAko Igor Peñalverren arabera, negoziazioan ez da hitz egin lanaldiaz eta produkzio ereduaz. Azaldu zuen Landabengo fabrikan urtean 216 orduko lanaldia dutela, sektoreko handiena. Haren ustez, produktibitatearen gaiari heldu beharko litzaioke absentismoari aurre egiteko. «Aukera historiko bat genuen lanaldia murrizteko, absentismoa jaisteko neurri zuzentzaileak ezartzeko, eta, hala, kalitate handiagoko enplegua sortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.