Lansariak igatearen alde eta austeritatearen kontra, greba orokorra eginen dute bihar

Intersindikalaren manifestazioa Baionako geltokitik abiatuko da, 10:30ean. Juntatu aitzin, ikastetxeen arrablokeatzeko asmoa dute lizeotarrek. Eragile gehienek mobilizaziora batzera deitu dute.

Funtzio publikoaren aldeko manifestazioa, Baionan, 2026ko irailaren 29an. GUILLAUME FAUVEAU
Funtzio publikoaren aldeko manifestazioa, Baionan, 2026ko irailaren 29an. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko azaroaren 4a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irailaren 29an funtzio publikoaren greba egin zutenetik, gizartearen nahiak karrikara atera dituzte: lizeotarrak ikastetxeen blokeatzen aritu izan dira, bizimoduaren kariotzearen kontrako hiru mobilizaziotan parte hartu du ehunka mila jendek, eta greba orokorra eginen dute bihar, intersindikalak deiturik. Izugarri masiboa izatea espero da. Ipar Euskal Herriko deialdia LAB, FSU, CGT, CFDT, FO eta Solidaires sindikatuek egin dute: manifestazioa Baionako geltokitik abiatuko da, 10:30ean.

Ezantzaren, janariaren, alokairuen, gasaren eta elektrizitatearen prezioen gorakadak ez dira bizigarriak, sindikatu deitzaileek behin eta berriz errepikatu dutenez. Lanak ez baitu gehiago bizi ahal izatea bermatzen. Hori bera da jendea karrikan salatzen dabilenaren oinarrian. Neurriak nahi dituzte lansariei, pentsioei eta laguntza sozialei dagozkienez: emenda ditzatela, hain zuzen ere.

Gainera, Frantziako Gobernua 2027ko aurrekontuaren eztabaidetan sartu berri da, eta, aitzinikusten denez, 43 miliar euroren murrizketak egin nahi dituzte sektore publikoan. Intersindikalak apaltze gehiegizkoa salatu du. Kontrara, honako neurri hauek galdegiten dituzte sindikatuek, besteak beste: lansarien negoziaziorako bidea irekitzea enpresetan eta adarretan; lansarien igoera orokorra eta gutieneko lansariaren emendatzea; erretreta pentsioen emendatzea; funtzionarioen indize puntuaren balioa emendatzea; gizarte laguntzak handitzea; zerbitzu publikoei emandako baliabideak indartzea; enplegua eta industria babesteko politika; justizia fiskaleko neurriak, ondareei, herentziei eta dibidenduei dagokienez; eta enpresei emandako laguntza publikoen berrikuspena.

Greba egitera deitu du ELB sindikatuak ere: «Laborariok —teknikoki grebarik ezin badugu egin ere— solidarioak gara, eta jendarte-mugimenduan parte hartzen dugu, gure etxaldeek, gure kabalek eta gure gorputzek sufritzen baitute. Estatuaren hamar urteko mespretxu sistematikoak herri-adierazpenei demokraziaren oinarriak suntsitzea ekarri du». Antzera mintzatu da EH Bai: «Ez dugu onartzen krisiaren zama herritarrek ordaintzea. Gehiengo sozial zabalak justizia sozialean, berdintasunean, burujabetzan eta demokrazian oinarrituriko proiektu baten inguruan bildu eta mobilizatu behar ditugu».

Azaroko lehena izanen da biharkoa, baina urria mobilizazioz josia izan da, giro biziki tenkatuan. Mayotten abiatu ziren lizeotarren mobilizazioei hexagonoko eta Ipar Euskal Herriko ikasleak batu zaizkie. Jaka Horien nolabaiteko itzulera izan da gero, baina, egiazki, urriaren 17, 24 eta 31ko manifestazioetan ibili diren milioika pertsonak arlo desberdinetakoak izan dira: publikokoak, pribatukoak, erretretatuak, langabezian daudenak.

Eta karrikara ateratzeko izan dituzten arrazoien artean bada jasandako errepresioa ere. Azken aste hauetan, baita Baionan ere, manifestatzeko lekuak debekatu dituzte prefeturek, sindikatuek deklaratutako ibilbideak azken momentuan onartu dituzte, poliziek jo eta kolpatutako manifestariak izan dira, arrazoirik gabe atxilotu eta gero aske utzi dituztenak... Hala manifestariek nola sindikatuek gogorki salatu dituzte jokamolde horiek eta zuzenbide estatuari egiten zaion erasoa.

Lizeoak blokeaturik

Omiasainduko bakantzekin giroa pixka bat lasaitu bazen ere, hainbat lizeotako ikasle taldek borrokan segitzeko borondatea agertu zuten oporretan sartu aitzin. Bihar greba egun orokorra izanen da, eta lizeotarrek errana dute juntatuko direla. Baina manifestaziora batu aitzin, ikastetxeak blokeatzeko deialdia zabaldu dute, hala nola Cantau (Angelu), Louis-de-Foix, Cassin eta Paulbert (Baiona) lizeoetan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA