Lantegi zaharren oroitzapenak

Felipe Fernandez, Jaime Santacoloma, Txema Rodriguez eta Felipe Alonso industria astunean aritu ziren, Bilboko itsasadarreko Euskalduna, AHV eta Babcock lantegietan.

Felipe Fernandez Euskalduna ontziolako langile ohia, Carola garabia atzean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Felipe Fernandez Euskalduna ontziolako langile ohia, Carola garabia atzean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2025eko abuztuaren 14a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

 

Aspaldi atzean geratu ziren Bilboko itsasadarraren (Bizkaia) bi aldeetako lantegien garai loriatsuak. 1980an industria astunean abiatutako birmoldaketak berekin eraman zituen euskal industriaren ikur izandako asko, baita fabrika haietan lan egiten zuten behargin gehienen ametsak ere. Jarduera horren lekuko, sasoi horietako azpiegitura gutxi batzuk baino ez daude zutik gaur egun, hala nola Euskalduna ontziolan erabiltzen zuten Karola garabia, Bilboko Itsasmuseumen, eta labe garai batzarra, oraindik osorik, Sestaon. Kalean utzi zituzten langileek, ordea, gogoan dute oraindik lantegi haietan botatako izerdia eta istripuek eragindako odola eta samina.

Felipe Fernandez (Berzocana, Espainia, 1951) 1970. urtean hasi zen Euskalduna ontziolan lanean: 19 urte baino ez zituen. Gaur egun Erandioko Astrabudua auzoan bizi arren, jatorriz Extremadurako Berzocana herrikoa da hura, eta, 1960ko hamarkadan ohikoa zen bezala, Bizkaira migratutako herrikideen «erakartze efektuari» erantzunez iritsi zen Bilbo aldera, 10 urterekin, arrebak lagunduta. Barakaldon maisutza industrialeko ikasketak egin nahi zituen, ondoren Euskaldunan lanean aritzeko. Izan ere, «Berzocanatik etorritako hainbat familiatako kideek ontziolan ziharduten», berak nabarmendu duenez.

Fernandez ELA sindikatuko ordezkaria izan zen Euskaldunan, eta 1984an, ontziola ixteko asmoa zegoela jakin zenean, bera zen enpresa batzordeko presidentea. Iragarpen hark istilu larriak eragin zituen beharginen eta Espainiako Poliziaren artean, eta Deustuko zubia gudaleku bilakatu zen. Hildako bat ere utzi zuen gatazkak: Pablo Gonzalez Euskaldunako langilea bihotzekoak jota hil zen, Polizia oldartu zitzaienean.

Hala ere, lantegian hasi bezain laster eskarmentu handiko soldatzaile batek esan zizkion hitzak gogoan ditu oraindik Fernandezek: «Mutiko, loteria tokatu zaizu».

«Urtero gutxienez behargin batek edo bik bizia galtzen zuten ezbeharren ondorioz»

FELIPE FERNANDEZ Euskalduna ontziolako langile ohia

«Besteak beste, diru laguntza berezia jasotzeko aukera zuten arazo ekonomikoak zituzten langileek. Gainera, behargin askok Euskaldunako ikastun eskolan sartzen zituzten semeak [mutilentzat baino ez zen], gero ontziolan lanean has zitezen», azaldu du Euskaldunako langile ohiak. Onura horietaz gain, itsasontzi bat uretaratzen zen bakoitzean, aparteko ordainsari bat izaten zuten beharginek: «Urte batzuetan, 11 itsasontzi ere uretaratu genituen. Ondo irabazten genuen».

Lanaldiari dagokionez, urtean zehar bi txandatan aritzen ziren langile gehienak: 06:00etatik 14:00etara eta 14:00etatik 22:00etara. Eta, udan, txanda bakarra zeukaten; 07:00etatik 14:30era, alegia: «Elkarlanean aritzen ginen, behargin bakoitzak ondo baitzekien zeintzuk ziren bere ardurak».

Langileen artean zegoen giro ona ontziolatik kanpo ere ezaguna zen: «Madrilera joan ginenean Jugoslavia ohirako bi itsasontzi egiteko kontratua negoziatzera, esan ziguten Euskaldunan gehiago agintzen zuela enpresa batzordeak zuzendaritzak baino. Antza, ez ginen eredurik onena».

Lan baldintzak, ordea, ez ziren hain onak, Fernandezek aitortu duenez: «Itsasontziei lema eta helizea jartzen zizkien taldean aritzen nintzen ni, eta korrika eta presaka ibili behar izaten genuen. Izan ere, itsasaldiak aprobetxatu behar genituen. Gainera, Navaleko garabi txikia erabiltzen genuenez, hark ere libre egon behar zuen gure lana egin ahal izateko».

(ID_15187030) (Marisol Ramirez/@FOKU) 2025-07-29, Sestao. Txema AHVko langile ohia
Jaime Santacoloma eta Txema Rodriguez AHVko langile ohiak, Sestaoko labe garaia atzean dutela. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Ingeniariek, delineatzaileek, galdaragileek eta soldatzaileek «eskulan bikaina» egiten zuten arren, «segurtasunari baino gehiago, ekoizpenari ematen zitzaion garrantzia». Enpresa batzordeko presidentea izandakoak gogoan ditu hiru hildako utzitako lan istripuak: «Urtero gutxienez behargin batek edo bik bizia galtzen zuten ezbeharren ondorioz». Lanaren automatizazioak aurrera egin ahala ontzioletako lan istripuek nabarmen behera egin zutela aitortu du Fernandezek.

Lan gogorra eta arriskutsua

Bizkaiko Labe Garaietan ere «kaskarrak» ziren lan baldintzak, Txema Rodriguez (Sestao, 1951) langile ohiak azaldu duenez. Hura 1975. urtean hasi zen elektrikari lanetan AHVn: 24 urte zituen. 1996an, lantegia itxi zutenean, bera zen enpresa batzordeko presidentea, UGT sindikatuaren izenean.

«Lana oso gogorra eta arriskutsua zen, batez ere labe garaietan eta koke baterietan: bero handia egiten zuen, eta gas kaltegarriak arnasten zenituen une oro. Adore handia behar zen bertan lan egiteko», adierazi du Rodriguezek. Sartu bezain pronto, instalazioen egoerak eragin zion harridurarik handiena: «Erabat zaharkituta zeuden: lan egiteko sistemak ez ziren puntakoenak, inolaz ere ez». Horrekin lotuta, egunero lan istripuak gertatzen ziren.

«Azpiegiturak erabat zaharkituta zeuden: lan egiteko sistemak ez ziren puntakoenak, inolaz ere ez»

TXEMA RODRIGUEZ Bizkaiko Labe Garaietako langile ohia

Lanaldiei dagokienez, labe garaiak ez ziren inoiz itzaltzen: zortzi orduko txandetan lan egiten zuten beharginek, zazpi egunez jarraian, eta, ondoren, egun batzuk hartzen zituzten atseden hartzeko. Horiek horrela, «ohikoena zen astebete lanean ibili eta bigarren astean alde egitea».

Jaime Santacolomak (Barakaldo, Bizkaia, 1943) ere ez zuen AHVn denbora askoz gehiago jarraitzeko asmorik, aitortu duenez: «Baina azkenean urte mordoa eman nituen han». Hura ere UGTko ordezkaria izan zen. Aurretik beste lantegi batzuetan eta AHVren ikastun eskolan ibilitakoek bazekiten lan baldintzak nolakoak ziren, eta haientzat «egonkortasuna eta soldata finko bat» ekartzen zuen labe garaietan lan egiteak.

(ID_17545626960415) Felipe Alonso Sestaoko Babcock fabrikako behargin ohia.
Felipe Alonso Sestaoko Babcock fabrikako behargin ohia. F.A.

Franco diktadorea hil eta sindikatuak legeztatu zituztenean, langile erakundeek AHVn abiatutako lehendabiziko borrokak lanean segurtasuna areagotzera bideratuta egon ziren, UGTko bi kideek nabarmendu dutenez: «70eko hamarkadan, sindikatuen jarduna bizia izan zen; hilabete eta erdiko grebak ere egin genituen». 1975etik 1980ra, lantegian ezarri ziren neurriek emaitza «ezin hobeak» eman zituzten segurtasunari eta lan istripuei dagokienez. «Produktibitate sariak ezbehar kopuruarekin ere lotuta zeuden», Rodriguezek azpimarratu duenez.

Borroka latzak

Sestaoko Babcock lantegian ere beharginen segurtasuna izan zen hasierako borroka sindikalen ardatza, Felipe Alonsok (Nava del Rey, Espainia, 1950) gogorarazi duenez. Hura ere 10 urte zituela iritsi zen Santurtzira (Bizkaia), Valladolideko herri txiki batetik: 1975. urtean hasi zen lanean zentral elektrikoetan, itsasontzietan eta etxebizitzetan jartzeko lurrin galdarak ekoizten zituen fabrika hartan.

Lanaldiei dagokienez, forjatze atalean izan ezik, bi txandatan aritzen ziren; forjariek hiru txanda egiten zituzten: «Lan gogorra egin behar izaten genuen denok, eta, gabezien artean, soldatze atalean ez zeukaten ke erauzgailurik».

«Grebetako batean ekonomatuko janaria hartu behar izan genuen, lankideen familietako batzuk oso txarto pasatzen ari baitziren»

FELIPE ALONSO Babcockeko langile ohia

Babcockera heldu eta gutxira aukeratu zuten Alonso UGTko ordezkari, eta, hasierako urteetan, langileen segurtasun arduraduna izan zen: «Gogoan dut egin genuen grebetako batean ekonomatuko janaria hartu behar izan genuela, lankideen familietako batzuk oso txarto pasatzen ari baitziren. Enpresako zuzendaritzari esan ostean, jatekoak hartu genituen beharginen emazteei eta seme-alabei emateko».

1979an iritsi zen enplegua erregulatzeko lehenengo espedientea: 5.500 beharginek baino gehiagok lan egiten zuten han, eta orduz geroztik lantaldea txikituz joan zen urteak igaro ahala. Hala ere, Alonsoren hitzetan, egoerak «hobera» egin zuen 1983an, Espainiako Industria Institutuak bere gain hartu baitzuen lantegia. 2001ean, ordea, pribatizazioa iritsi zen, eta, askoren ustez, gainbeheraren hasiera, Sestaoko fabrikak 2011n itxi baitzituen ateak.

Industriaren desegitea

Babcocken itxiera 1980an abiatutako industria astunaren birmoldaketaren azken ondorioetako bat izan zen: batzuek «desegite prozesutzat» jotzen dute. Euskaldunari dagokionez, «lan nahikoa» zeukaten han, «denbora luzez iraun ahal izateko». Izan ere, Fernandez ontziolako enpresa batzordeko buru izandakoaren hitzetan, aurretik aipatutako Jugoslaviarako bi ontziak eta Kubarako beste zortzi zeuzkaten egiteko.

Euskalduna ixteko erabakia «politikotzat» jo izan du beti lantegiko ELAko ordezkaria zenak: «Europako Ekonomia Erkidegoan sartu zenean, hainbat baldintza jarri zizkioten Espainiako Gobernuari: besteak beste, ontziolak, labe garaiak eta galdategiak ixtea, eta olibondoak eta mahatsondoak errotik ateratzea».

Horiek horrela, Bilbon egitekoak ziren hamar itsasontziak Sevillako (Espainia) eta Coruñako (Galizia) ontzioletan egin zituzten. Izan ere, garai hartan Madrilgo gobernuko buru zen PSOE, eta alderdi horrek Andaluzian eta Galizian zituen «botoen kala tokiak», Fernandezek ziurtatu duenez. Langileen eta Espainiako Poliziaren borroka gogorren ostean, Euskalduna ontziolak 1985ean itxi zituen ateak: egindako azken ahalegin horri esker, 3.000 beharginetatik 900 inguruk Navalen lan egiteko aukera izan zuten.

Bizkaiko Labe Garaiak, ordea, «azpiegiturak zaharkituta zeudelako» itxi zituzten, lantegiko enpresa batzordeko presidentea izandako Rodriguezen iritziz: «Europako siderurgiak hamar urte lehenago jasan zuen krisia, eta, denbora horretan guztian, produkzio sistemak eguneratzeko aukera izan zuen. AHVn, ordea, inork ez zuen sosik ere inbertitu, eta, Espainiak nazioarteko merkatura jauzi egin zuenean, labe garaiek ezin izan zuten beste herrialdeetako enpresekin lehian aritu». AHVk 1996. urtean itxi zituen ateak; 12.000 lagun inguruk egiten zuten lan han.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.