Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
1970eko hamarkadaren amaiera, besteak beste, goitizenen, ezkutuko bileren eta barneko arropan gordetako eskuorrien garaia izan zen Hego Euskal Herriko lantegietan. «Ordurako, gerora nire emaztea izango zenarekin erdi lagun-edo izaten hasia nintzen. Hark erakundera jo zuen, lantegirako proposamenak zituelako, eta zera esan zioten: ‘Fabrikako zure kontaktua Jexux izango da’. Aiba dios! A ze ezustekoa hartu zuen! Lagun eta senide oso gertukoek agian bazekiten hor sartuta zenbiltzala, baina non zeunden, inoiz ez». Pasadizoan aipatzen den Jexux hori Jesus Uzkudun da (Donostia, 1947), CCOO sindikatuko militante historikoa, eta klandestinitatean eginiko langile borrokaz ari da. Gerora, emaztearekin batera «ihes» egin behar izan zuen Uzkudunek, ETA VI.eko kide ere bai baitzen, eta bi urte egin zituen Gasteizen ezkutatuta.
German Kortabarria (Oñati, Gipuzkoa, 1949) 1971-1972ko ikasturtean sartu zen ELA sindikatuan, Zuzenbidea ikasten ari zenean. Sindikatuak legez kanpo zeuden, sasiaren garaiak ziren, eta oraindik ez du ahaztu ezkutuko bilerak egiteko baliaturiko parrokien zerrenda: «Donostiako eliza askotan, Urretxuko pasiotarrenean, Loiola alboko mojen komentuan gau osoko bilerak egindakoa naiz… Pentsa, ELAren hirugarren kongresua, klandestinoa oraindik, Eubako pasiotarren ikastetxean egin genuen». Eta zer egiten zuten bilera horietan? «Formakuntzan aritzen ginen batez ere. Lantokietarako prestaketa lana izaten zen: lan ideologikoa, formakuntza marxista, euskal kulturaren lanketa…».
«Emakumeek esan zidaten eskuorriak ezkutuan sartzen zituztela lantegietan, kuleroetan-eta gordeta. Mundu guztiak bazekiela nork sartzen zituzten, baina ez zekitela nola, eta gero komunetan agertzen zela propaganda». Nerea Perez Ibarrola Nafarroako Unibertsitateko irakasleak (Iruñea, 1984) ez zituen bizi izan garai haiek, baina testigantza ugari bildu zituen Langileria berri baten eraketa, Iruñerria 1956-1976 liburuan: «Langileak mendira joaten ziren bilerak egitera. Gauez, biltzen ziren, ilunpetan, enpresetako negoziazioak prestatu eta eskaera plataformak adosteko».
«Klandestinitatekoa ez zen sindikalismoa: gu langile borroka prestatzen aritzen ginen. Lagun eta senide oso gertukoek agian bazekiten hor zenbiltzala, baina non zeunden, inoiz ez»J
ESUS UZKUDUN CCOOko zuzendaritzako kide ohia
«Gurea ez zen sindikalismoa: langile borroka prestatzen aritzen ginen. Jendea elkartzen genuen eskaera batzuk bultzatzeko», gogoratu du Uzkudunek. Azpeitiko Gureola Scotten, Hernaniko Orbegozon… Zapaldu zituen lantegi guztietan ibili zen protestak antolatzen: «Gureolan egin genuen aurrenekoa. Soldata igotzeko eta buzo baten ordez bi edukitzeko eskatu genuen. Soldatarena ez genuen lortu, baina bi buzo edukitzea bai». Baina frankismo betean ba al zegoen lan baldintzak negoziatzeko tarterik? «Txikia zen, baina bazegoen», erantzun du Perez Ibarrolak: «1950eko hamarkadatik aurrera, aldaketa interesgarri bat gertatu zen. Lantegi barruan lan hitzarmena negoziatzeko aukera agertu zen. Sindikatu Bertikalaren barruan, noski, zerbait egiteko tarte oso txikia izanda, baina aukera bat zen, eta langileak biltzen hasi ziren lan baldintzei buruz hitz egiteko. Langile komisioen kimua izan zen hura».
Bertikalean infiltratuak
Negoziatzeko tarte txiki horretan landatu zuten sindikatuak berriz pizteko hazia; izan ere, era horretako erakundeak legez kanpo zeuden 1936ko gerraz geroztik, eta erbestean eman zituzten berrogei urte, nola hala irauten. Baina, lantegietan eragiteko, orduko jokalekura egokitu beharra zegoen. «Eztabaida zegoen, Sindikatu Bertikaleko egituretan sartu ala ez», gogoratu du Kortabarriak. «Azken urteetan, enpresa batzuetan gure jendea sartu genuen Bertikalean. Lasarteko Michelingo [Gipuzkoa] greba egin zenean batzordeko presidente zena gure militante bat zen. Infiltratua zen». Uzkudunek gogoan du Vital Kutxako langile batzordeko burua ere CCOOkoa zela.
Sindikatu Bertikala zen legezko sindikatu bakarra Hego Euskal Herrian. Erregimenak sorturiko elkarte bat zen, helburu zuena lantegi barneko gatazkak kudeatzea eta eskariak apaltzea. Langileen ordezkariak eta enpresariak batzen zituen, eta frankismoaren interesekin lerratuta zegoen. «Oso kontrolatua zegoen», zehaztu du Perez Ibarrolak: «Fitxatu gabe zegoen jendea sar zitekeen bakarrik, eta horrek langile komisioetan sartzeko atea ireki zien belaunaldi berriei. Gazteak baitziren fitxatu gabe zeuden bakarrak». Uzkudunek bide beretik jo du: «Ez zen erraza. Kide gehienak enpresaren aldekoak ziren, ustel hutsak, falangistak-eta. Baina lortu genuen jende ezkertiarra sartzea».
«1971n, Nafarroako enpresariek gutun bat bidali zioten Carrero Blancori, laguntza eske. Esan zioten Nafarroa 'ia-ia iraultzaren atarian' zegoela langileen protesten ondorioz. Soldata igoerek eragina zuten enpresarien mozkinetan»
NEREA PEREZ IBARROLA NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea
Zirrikituak, arrakalak, salbuespenak... Orduan ba al zen lan gatazkarik? «Bai», gogoratu du Kortabarriak. «1966an, 163 egunez egin zuten greba Etxebarriko Bandas altzairutegian [Bizkaia]. Nafarroan ere egin ziren greba orokorrak. Grebak lan baldintzengatik egiten ziren, batez ere soldatengatik. Kontuan hartu behar da inflazioa oso handia zela, baina, era berean, eskaera politiko eta sindikalak uztartzen ziren». Izan ere, bi arloen arteko marra oso fina zen: «Greba politikoak legez kanpokoak ziren, eta haietan parte hartze hutsa lanetik kaleratzeko arrazoia zen, eta langabezia saririk gabe uztekoa». Abokatu ohiak ez du ahaztu bere lehen epaiketa. 1976an egin zuten, Beasaingo Fundaciones Estandako (Gipuzkoa) 25 langileren kaleratzearen aurka. «Hasi aurretik galduta zegoen. Epaileak zera esan zidan: ‘Hau lan arloko epaitegi bat da: ez dut politikarik nahi’».
Perez Ibarrolak ere sakon aztertu du greba ekonomikoen eta politikoen arteko dikotomia hori frankismoko lan gatazketan, eta argi du ezin direla bereizi: «Lan gatazka gehienak arrazoi ekonomikoengatik hasten ziren, eta erregimenak erreprimitzen zituenean bilakatzen ziren politiko. Greba egin ezin duzun egoera batean greba egitea politika da. Eta elkartasun grebak? Berdin. Halere, egia da 1970eko hamarkadak aurrera egin ahala eskaera politiko jakinak sartzen hasi zirela plataformetan: amnistia, estatutua… Baina lehen greba horiek ere politikoak ziren, zalantzarik gabe».
Poliziaren errepresioa handia zen, baina frankismoaren azken urteetan lan gatazkak zabalduz joan ziren, hein handi batean inflazio handiaren ondorioz. «1971n, Nafarroako enpresarien kontseiluak gutun bat bidali zion Carrero Blancori, hura presidenteorde zela», nabarmendu du Perez Ibarrolak. Ikerlariak jasota dauka agiri hori: «Laguntza eske idatzi zioten, Nafarroa ‘ia-ia iraultzaren atarian’ zegoelakoan. Langileak soldata igoera handiak lortzen ari ziren, eta horrek eragina zuen mozkinetan eta enpresaren errentagarritasunean».
Legezkoak, baina banatuak
Eta, bitartean, sindikatuak zertan ari ziren? Kortabarriak oso gertutik bizi izan zuen ELAren egoera. «Antolatzen ari ginen. Sindikatu guztiak etorkizunera begira zeuden, eta ikusten zuten kokatu egin behar zutela. Sumatzen zen Francoren heriotza gertu zegoela, baina ez zegoen batere garbi gero zer esparru juridiko egongo zen». Abokatuak hilabeteak pasatu zituen paper eta txostenetan murgilduta. Europako zenbait herrialdetako sindikatuen estatutuak aztertu zituen, prest egoteko. Oraindik ez du ahaztu zer-nolako «eskapada» egin zuen paper guztiak autoan zeramatzala Poliziak errepide kontrol batean gelditu zuenean: «Bertikaleko abokatua nintzela irentsi, eta joaten utzi zidaten».
INFLAZIOA, FRANCOREN ETSAI OKERRENETAKOa
Frankismo hasierako lan harremanetarako eredua horrela deskribatu du Perez Ibarrolak: «Erregimenak berak hartzen zituen bere gain lan harremanak, eta langile borroka ukatu. Nazio harmoniatsu bat behar zuen, aurrera egiteko ahalegin kolektibo bat». Baina logika hori hautsi egin zen, batez ere, soldatak apalegiak bihurtu zirenean egunerokoari aurre egiteko. Frankismoak, ia mundu osoak bezala, petrolioaren krisiaren zaplada sumatu zuen azken txanpan, eta erosketa saskia itxuragabe garestitu zen.
Garai hartako Espainiako inflazio datuak izugarriak izan ziren: %6,7 1970ean, %9,6 1971n; %14 1973an; %17 1974an; %14 1975ean; %19,7 1976an; %26 1977an; %16 1978an… Dena izugarri garestitu zen, eta langileek eskatzen zuten soldata horren arabera igotzeko. Enpresariak, baina, ez zeuden onartzeko prest, eta Sindikatu Bertikala ez zen konponbidea. Egoera ekonomikoa halakoa izanda, ia ezinezkoa zen gatazka ez hedatzea, eta, beraz, desoreka hori greba askoren lehen txinparta izan zen.
Lan harremanen egoera goitik behera irauli zen Franco hildakoan. Sindikatuak legeztatzerako, urte eta erdi pasatu zen. 1977ko apirilean onartu zen erakunde profesionalen legea, baina sindikatuak lehenago atera ziren berrogei urte iraun zuen itzal haren petik. «ELAn argi genuen oso azkar mugitu behar genuela, garai erabakigarria baitzen: hasi, antolatu eta hedatu egin behar genuen. Ordu hartan, antolatzea bezain garrantzitsua zen hedatzea, eta jende asko bidali genuen Gipuzkoatik Bizkaira, tartean ni. Hasieran 3.000 afiliatu ginen, eta, urte gutxiren buruan, 45.000».
CCOOrentzat eta ELArentzat, besteak beste, siglen eta barneko fakzioen arteko borroka garaiak ere izan ziren haiek, eta tirabira ugari izan ziren sindikatu horien egoitzetan. Kanpora begira, baina, gizartea sindikalismo gosez nabari zuen Uzkudunek: «Segurtasun bila zebilen jendea. Aldaketa garaiak ziren, eta krisi hots handia sumatzen zen urrunean. Erraz ikusten nuen: langileak afiliatzea lortu, pixkanaka jendea bilduz joan, eta konfiantza eman. Nik argi nuen filiazioa lortzea oso garrantzitsua zela, oinarriak jenderik izan ezean galdu egingo ginela».
Orduan hasi zen zehazten Hego Euskal Herriko sindikatu handien jokalekua. Tradizio historikoko hiru zeuden, hau da, ELA, UGT eta CCOO, eta, bestalde, LAB, eratu berria. Eta nolakoa zen haien arteko harremana? «Oso txarra. Lehen hauteskunde sindikalak oraingoak baino askoz gogorragoak izan ziren». Esperientziaren ahotsa da Uzkudunena, baita Kortabarriarena ere. «Normalean, CCOO eta UGT ziren gure negoziaziokideak, eta harreman txarra genuen, oso gatazkatsua».

Perez Ibarrolak analisi hotzagoa egin du: «Frankismoak praktika unitario bat ezartzen zuen derrigorrez, batasuna defendatzen zuen. Eta, tarte oso txiki baten buruan, sakabanatzeko eta elkarren aurka lehiatzeko joera nagusitu zen». Arabako kasuari buruzko tesi bat irakurritakoa da, eta hartako ondorioetako bat azaldu du: «1976ko martxoko greba oso asanblearioa izan zen, langile mugimenduaren batasunean oinarritutakoa, eta, 1977rako, eredua erabat aldatua zen. Eredu sindikalak gaina hartu zion eredu asanblearioari. Urtebete eskaseko kontua izan zen».
Moncloako Itunen iruzurra
Eta zatiketa horrek okerrera egin zuen 1977ko urrian, Moncloako Itunen eraginez. Espainiako Gobernuak itun bat sinatu zuen hainbat alderdi politikorekin, enpresari elkarterekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin, ustez egoera ekonomiko kaskarra bideratzeko. «Sindikalismoarentzat desastre hutsa izan zen hura!», gogoratu du Uzkudunek, haserre. Itunak puntu asko zituen, baina lan arloan, esaterako, langileek galduriko erosahalmenaren zati bat berreskuratu zuten; hori bai, trukean, hitzeman behar izan zuten bake sozialari eutsiko ziotela.
Lehen erantzuna barru-barrutik bota ostean, CCOOko kideak xeheago azaldu du bere ikuspuntua: «Ezkerrekoek ez genuen asmatu erantzuten. Sindikatuen eta alderdi politikoen arteko menpekotasun harremana estua zen. Goitik etorri zen akordioa. Inflazioa oso handia zen, eta eskaerak egiteko tartea mugatu zen».
«Asko harritu ziren guk ez genuelako Moncloako Ituna sinatu. Baina hura inposizio bat zen, ezin zen sinatu: negoziazio kolektiboa eta sindikatuen autonomia mugatzen zituen»
GERMAN KORTABARRIA ELAko idazkari nagusiaren albokoa izandakoa
ELAk, aldiz, ez zuen sinatu, eta Kortabarriak gogoratu du erabakia harrigarria izan zela askorentzat, garai hartan «eskema zaharrekin funtzionatzen zutenek» jeltzaleen orbitakotzat jotzen baitzuten sindikatua: «Ituna inposizio bat izan zen, eta guk oso argi izan genuen hori ezin zela onartu. Itunak negoziazio kolektiboa eta sindikatuen autonomia mugatzen zituen, eta horiek dira sindikatu baten bizkarrezurraren bi osagaiak». Halaber, gaineratu du ELA ordurako hasia zela negoziazio esparru propioa eskatzen Euskal Herrirako, eta horrek ez zuela tarterik itun hartan.
Perez Ibarrolak oraindik ez ditu sakon aztertu itunak, baina, gaur egundik begiratuta, ulertzen du «desilusioa» sortu izana langileengan. Eta desilusio giro horretan, ate joka zen sindikatu gazte haiek kudeatuko beharko zuten lehen krisi handia: industria birmoldaketa eta kaleratze ugariak. «Hura bai, hura gogorra izan zen. Orduan ikusi genituen sindikatuen trapu zaharrak: zerrenda beltzak, paktuak, ‘nire jendea ez ukitu’… eta horrelako kontuak», gogoratu du Uzkudunek. Ordurako, baina, inor gutxi oroitzen zen Francorekin.