Lehen aldiz hamar urtean, %10era heldu da langabezia eurogunean

Euroaren eremuan, lau milioi lagunek galdu dute enplegua krisia hasi zenetik, eta dagoeneko 15,7 milioi langabe daude

Iker Aranburu.
2010eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Lehen aldiz euroa sortu zenetik, diru hori erabiltzen duten hamasei herrialdeetako langabezia tasa %10era iritsi da. Eurostaten datuen arabera, azaroan 15,7 milioi lagun zeuden lanik gabe euroaren eremuan, krisia hasi aurretik baino lau milioi gehiago. Europako Batasun osoan 22,9 milioi langabe daude, kopururik handiena 1994an datuak biltzen hasi zirenetik. AEBetan ere %10ean geratu da langabezia tasa, 85.000 lanpostu suntsituta. Datu hobea espero zuten analistek. 2007tik 7,2 milioi lanpostu joan dira, horietatik 4,2iaz.

Azaroan beste 185.000 lagunek galdu zuten lanpostua EBko herrialdeetan, horietatik 102.000 euroaren eremuan. Portzentualki, hamarren bat igo da langabezia bi blokeetan, apirilaz geroztik ia-ia hilero gertatu den moduan.

EBko kide guzti-guztietan handitu da langabezia, baina alde handiak daude herrialde batetik bestera. Letoniak du langabezia tasa handiena, %22,3koa; duela urtebete %10,2koa zeukan. Herrialde hartako barne produktu gordina %19,3 gutxitu da. Letoniaren bi auzoak dira ondoren enplegu gehien galdu dutenak: langabezia 7,5 puntu handitu da Estonian (%15,2), eta 6,5 Lituanian (%14,6).

Baina azken bi horiek baino langabezia tasa handiagoa du Espainiak, %19,4koa, Eurostaten kalkuluen arabera. Azken urtean 5,4 puntu egin du gora. Antzeko igoera -5,2 puntu- izan du azken bi hamarkadetako mendebaldeko Europako herrialde kutuna zenak, Irlandak. Herrialde batean zein bestean etxebizitzaren inguruan sortutako burbuilaren leherketa gehitu behar zaio finantza arazoek sortutako krisi ekonomikoari. Bien artean bada alderik, ordea: Irlanda Europa mendebaldean gehien uzkurtu den ekonomia, eta BPG duela urtebete baino %7,6 txikiagoa da orain. Eurogunearen batez bestea %4koa da, eta horixe bera da Espainiaren datua ere.

Paradoxikoa dirudien arren, Espainiak baino bilakaera askoz okerragoa izan duten herrialdeek askoz enplegu gutxiago deuseztu dute. Adibide argiena Alemania da: %4,8ko atzeraldiak soilik eragin du langabezia %7,1etik %7,6ra igotzea. Neurri handi batean, lanaldia murrizteko programa publikoei zor zaie igoera txiki hori. Alemaniako Gobernuak eta beste batzuek enpresei diruz lagundu diete inor bota beharrean, langile batzuei lanaldia murriztu ziezaieten. Bruselaren arabera, 2,4 milioi lagunek baliatu dituzte programa horiek, erditik gora Alemanian.

Gora egiten jarraituko du

Eurostatek atzo berretsitako datuek egiaztatu dute atzeraldia bukatu dela Europako Batasunean eta euroaren eremuan. Zortzi herrialde daude oraindik atzeraldian, haien artean Erresuma Batua eta Espainia. Baina hazkundea oso txikia da, eta oso litekeena da langabeziak gora egiten jarraitzea hurrengo hilabeteotan ere. Besteak beste, langabezia handiak eragotzi egiten duelako kontsumoa handitzea, eta horrek, ondorioz, langabe gehiago eragiten dituelako. Edonola ere, enpresaburuen artean egindako inkestek erakusten dute sektore jakin batzuetan industria langileak berriro kontratatzeko asmoa daukatela 2010ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.