Desberdintasun sozialak. Jaurlaritzaren azterketa. Lide Amilibia. Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria

«Lehen ere ahulak zirenei ari zaie krisia eragiten, bereziki»

Ongizate osoa duten pertsonen egoerak hobera egin du, baina Amilibiak ohartarazi du mailaketa sozialean behera egin duten pertsona asko egoteak desberdintasuna handitu duela lehen aldiz

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2014ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Enplegu eta Gizarte Politika Sailak behar sozialei buruz egiten duen inkestaren eguneratzeak agerian utzi ditu pobreziaren eta desberdintasunaren hazkundea. Egoerari buruz mintzo da Gizarte Zerbitzuetako zuzendari Lide Amilibia (Zumaia. 1967).

2008. urtera arte pobreziaren eta desberdintasunaren aurka eginiko aurrerapenak zalantzan jarri ditu krisiak, txostenaren arabera. Oharra ematen du.

Aldaketa bat gertatu da. Pobrezia eta ongizate falta duen populazioa handitu da. Era berean, gehien irabazten duten %20ren eta diru gutxien irabazten duten %20ren arteko aldea igo da.

Desberdintasuna handitu da?

Desberdintasunak gero eta nabarmenagoak dira. Pobreak gero eta pobreagoak dira. Bitartean, ongizate handiena duen pertsonen multzoak bere egoerari eusten dio, edo hobetzen ari dira euren diru sarrerak.

EAEko sistema ez da behar bezain birbanatzailea izan desberdintasunaren igoera eragozteko?

Oso krisi gogorra izaten ari da. Enpleguaren %10 galdu da; eragin dramatikoa du horrek familiengan. Lehen ere ahulak zirenei ari zaie eragiten krisia, bereziki. Kualifikazio gutxien duten lanpostuak desagertu dira. Ondorioz, lehen ozta-ozta iristen ziren horien egoerak okerrera egin du.

Nazioartean eztabaida bat dago desberdintasunaren egoerari buruz. Hemen ere ondorioa antzekoa da: aurretik gehien zutenek are gehiago dute orain, eta pobreak pobreago dira.

Datuek hori adierazten dute. %50 aberatsenen diru sarrerak igo dira, eta gutxien dutenen erdiarenak jaitsi dira. Orain arte, ongizate ia osoa zuten pertsona gehienak ongizate osora igarotzen ziren urteak aurrera egin ahala. Kontrakoa ikusten hasi gara. Hau da, mailaketan hobera egin beharrean behera ere egiten ari da jendea, eta horrek desberdintasun hori handitzen du

Krisia txiroen lepotik ordaintzen ari gara?

Txiroenek arazo handiagoak dituzte, bai; hor gogor jo du benetan krisiak.

Nortzuk ari dira gaizkien pasatzen?

Pobre direnen eta ongizate falta dutenen %75 familiak dira, guraso bakarrekoak edo bikoak. Aurreko krisietan ez zen azterketa hori egiten. Lehen, batzuetan estu egon arren, aurrera egiten zuten, baina langabeziak zulora eraman ditu. Familiei garrantzia aitortuta, politikak horra begira jarri nahi ditugu. Familiak nola babestuko ditugun, eragin hori nola gutxitu pentsatu behar dugu.

Esaterako?

Etxeko lanak jartzen dizkigu inkestak. Asko entzuten ari gara haur pobreziari buruz. Ez dakit hemen haur pobreak dauden, baina familia txiroak, bai, eta horiei babesa eman behar zaie. Diru sarrerak bermatzeko errentaren kasuan, begiratu beharko litzateke sarbidea eta baldintzak errazteko aukera seme-alabak dituztenei. Lana eta familia bateratzeko politiketan ere badago zer egin, bereziki guraso bakarreko familien kasuan. Azkenik, politika serioa egin dadin, zergetan edo etxebizitzan ere aldaketak beharko lirateke.

Zer gehiago egin daiteke botere publikoetatik aberatsen eta txiroen arteko tartea gutxitzeko?

Asmatu beharko da politikekin, noski, baina esango nuke gutxieneko errenta hori asko leuntzen ari dela egoera. Denok dakigu kopuru txikiak direla, baina aurrera egiteko gutxieneko duintasun bat ematen die hartzaileei.

Zein eragin du diru sarrerak bermatzeko errentak diru sarreren birbanaketan?

Azterketaren ondorioetako bat da hori: gutxien dutenen %30en diru sarrerak are gehiago hondoratzea eragotzi du. Esaterako, %10 txiroenen diru sarrerak %13 jaitsi dira, baina errentarik gabe, %25 izango zen.

Baina Jaurlaritzak gutxieneko errentaren kopurua jaitsi izanak ere diru sarrerak gutxitzea eragin du.

Bai, hala da, eta badakigu behar duten guztiek ere ezin dutela errenta eskuratu. Hor beste arazo batzuk ere badaude. Dena den, geuk zuzendaritza honetan ikusten dugun efektua hori da, okerren pasatzen ari direnen egoera eta galera leundu duela.

Datu deigarri bat ere badago txostenean. Pobrezia objektiboki neurtzean tasa handiagoak ateratzen dira, pertsonek euren egoerari buruz duten iritzian baino. Zer dela eta?

Ez dugu horretan sakondu, baina egia da deigarria dela. Hemen gizarte zerbitzuetara jotzeko ohitura handirik ez da egon, ez da erraza izan. Orain normalizatzen ari da, eta eskubide gisa ikusten da. Ziur aski, duenarekin konformatzeko joera du jende askok, eta ez du bere burua ikusten bazterketa egoera batean.

Diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko aukerarik ez dutenen kopurua nabarmen igo da. Zergatik?

Baldintza batzuk daude, baina erabakigarria izan da erroldatze urteak batetik hirutara igotzeko aldaketa. Badago jendea zeinari erroldatzea kostatzen zaion; jende iritsi berria ere badago, eta horiek ez dute errenta jasotzerik, eta gizarte larrialdietarako laguntzak baino ez dituzte, askoz ere muga handiagoak dituztenak.

Behar materialen gabezietan hazkunde itzela izan du etxea behar bezala berotu ezin dituztenak. Pobrezia energetikoa, alegia.

Bai, datu horiei erreparatu diegu, eta egia da asko entzuten dela azkenaldian horri buruz. Orain arte ez zen datu hori ateratzen, eta ez dakigu ez ote zen propio galdetzen, edo zerbait arraroa gertatu den hor. Datorren urtera begira, zuzendaritzan gai hau aztertzeko asmoa dugu.

Emaitza globalak ikusita, zein da zure analisia?

Babes sistema garrantzitsua eta nahiko ona dugu, baina emaitzetan ikusten da gaizki dagoen jendea ere badugula hemen, eta haiengana iristeko eta egoera hobetzeko zerbait egin behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.