Lehen sektorea «estrategikotzat» joko du Jaurlaritzak nekazaritza lege berriaren bidez

Lurren babesa handitu nahi du, eta gazteei horiek eskuratzeko bideak erraztu. Kanpoko elikagaiekiko mendekotasuna murriztu nahi du, eta bertako ekoizleek prezioak negoziatzeko duten gaitasuna handitu.

Nekazaritza ekologikoko postu bat feria batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Nekazaritza ekologikoko postu bat feria batean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
2026ko maiatzaren 15a
13:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Belaunaldien arteko errelebo faltak, lur emankorren galerak eta kanpoko elikagaiekiko mendekotasunak kezkatuta, Eusko Jaurlaritzak araudi bat prestatuko du lehen sektorea «estrategikotzat» jotzeko. Helburua argia da: bertan ekoizteko duen gaitasuna ez galtzea, eta baserritarren jarduna ekonomikoki bideragarri egitea.

Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak aurkeztu du gaur nekazaritza lege berriaren aurreproiektua. Indarrean dagoen arauak hamasei urte ditu, eta, Jaurlaritzaren arabera, eguneratu egin behar da azken urteetako aldaketa ekonomikoei, klimatikoei eta sozialei erantzuteko.

Aurreproiektua aurkeztu ondoren, Jaurlaritzak parte hartzeko prozesu bat zabalduko du nekazaritza erakundeekin, kooperatibekin, elikadura industriarekin, gastronomiaren sektorearekin eta beste eragile batzuekin. Ondoren hasiko dute parlamentuko tramitazioa.

1

Kate osoa indartzea eta bidezko prezioak jartzea

Legearen berrikuntza nagusietako bat zera izango da, agroelikadura sektorea «estrategikotzat» jotzea. Barredoren arabera, aitorpen horrek sektorearen bideragarritasuna bermatzeko neurriak ekarriko lituzke, bereziki azken urteetan gainbehera nabarmena izan duten baserri txikientzat eta familia ustiategientzat.

Horrez gain, lege berriak lehen aldiz uztartuko ditu nekazaritza ekoizpena, elikadura eta gastronomia ikuspegi berean. Helburua da bertako elikadura kate osoa indartzea: ekoizletik hasi eta kontsumitzaileraino. Horren bidez, kanpoko elikagaiekiko mendekotasuna murriztu nahi dute, eta bertako ekoizleek prezioak negoziatzeko duten gaitasuna handitu.

Hala, ekoizleen eta banaketa kate handien arteko desoreka txikitu asmoz, Euskadiko Elikadura Katearen Behatokia «indartuko du» Jaurlaritzak, prezioen eta balio erantsiaren banaketaren jarraipen zorrotzagoa egiteko.

2

Lurra eskuragarriago

Nekazaritzarako lurren galerari aurre egiteko neurriak ere jasotzen ditu lege aurreproiektuak. Lur emankorrak babesteko tresna berriak iragarri ditu Barredok. Besteak beste, administrazioak lehentasunez erosteko eskubidea izan ahalko luke zenbait lur salerosketatan, eta nekazaritza jarduerarekin bateragarriak ez diren erabilerak mugatzeko aukera ere jasoko du araudiak.

(ID_17788467392535) (/IREKIA)
Amaia Barredo sailburua, erdian, saileko beste arduradun batzuekin batera, egitasmoaren aurkezpenean, gaur. IREKIA

Gazteak sektorera erakartzea izango da legearen beste ardatz nagusietako bat. Horretarako, lurrak eskuratzeko bitartekaritza tresnak sortu nahi dituzte, lur publiko eta komunalen kudeaketa aktiboa sustatu, eta abandonatutako nekazaritza lurrei irtenbidea eman. Jaurlaritzaren ustez, belaunaldi erreleborik gabe ezinezkoa izango da landa eremuari eustea.

Emakumeek lehen sektorean duten tokia indartzea ere jaso dute lege proposamenean. Ustiategien titulartasun partekatua sustatuko dute, laguntza zerbitzuak handitu, eta nekazaritza kooperatibismoa indartzeko neurriak aurreikusi dituzte.

3

Nekazaritza eta abeltzaintza jasangarria

Ingurumenari dagokionez, nekazaritza eredu jasangarriago baten aldeko apustua egin nahi du Jaurlaritzak. Nekazaritza «ekologikoa eta birsortzailea» sustatzeko neurriak iragarri ditu, baita klima aldaketara egokitzeko politikak, elikagai xahuketaren aurkako estrategiak eta ekonomia zirkularra indartzeko ekinaldiak ere.

Abeltzaintza estentsiboarekin lotutako jardunbide iraunkorrak bultzatzea ere jaso dute testuan, bai eta ur baliabideen eta hondakinen kudeaketa eraginkorragoa sustatzea ere. Horrez gain, ureztatze sistemak modernizatzeko eta biodibertsitatea babesteko neurriak aurreikusi dituzte.

4

Gastronomia eta tokiko produktuak

Lege berriak gastronomiari ere toki nabarmena egingo dio. Jaurlaritzaren asmoa da euskal sukaldaritzaren nazioarteko ospea tokiko ekoizpenarekin lotzea, eta bertan ekoitzitako produktuen kontsumoa sustatzea. Horretarako, salmenta zirkuitu laburrak indartu nahi dituzte, jatorri izendapenak eta kalitate zigiluak babestu, eta administrazio publikoek bertako produktuak lehenestea bultzatu.

5

Tokiko egurraren erabilera industriala

Araudi berrian basogintza eta egurraren industria ere hartuko dituzte kontuan. Tokiko egur ziurtatuaren erabilera sustatu nahi dute, eta eraldaketa industriala modernizatzeko neurriak ezarri.

6

Burokrazia

Bestalde, administrazioarekin harremanak arintzea ere bada Jaurlaritzaren asmoetako bat. Izapide burokratikoak gutxitu nahi dituzte, erregistro bateragarriak eta prozedura azkarragoak ezarriz.


 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA