Lehen sektoreko langileek astean bi atseden egun izatea hitzartu dute Nafarroan

Nekazaritzako eta abeltzaintzako 2.500 langileren baldintzak jasoko dituen lan ituna izenpetu dute sindikatuek —CCOOk, LABek eta UGTk— eta nekazaritza elkarteek —UAGNk, EHNEk eta UCANek—.

NAV VINO NAVARRA
Corellako Viña Zorzal upeltegiko langileak. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2024ko urtarrilaren 26a
12:00
Entzun

Nafarroan landa eremuan lan egiten duten 2.500 langileen lan baldintzak arautzeko lan hitzarmena lortu dute CCOO, LAB eta UGT sindikatuek eta laborarien elkarteek —EHNEk, UAGNk eta UCAN Nafarroako kooperatiben elkarteak—. Hiru urte iraungo du, 2023tik 2025era, eta soldatak %10,8 igoko zaizkie beharginei tarte horretan.

Goizean sinatu dute lan ituna, eta indarrean sartuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean. Akordioa izenpetu duten sindikatuek langileen %86 ordezkatzen dituzte. ELAk ez du sinatu.

EHNEk ohar bidez nabarmendu du «albiste bikaina» dela, «ezinbestekoa baita lan baldintza onak egotea» landa eremuan. Garrantzitsutzat jo du sektoreko ia eragile guztiek parte hartu izana akordioan. CCOOren arabera, akordioak erakusten du negogiazioak indarra duela sindikatuak elkarrekin doazenean. LABen ustez, sektoreko langileek kalean egin dituzten aldarrikapen nagusiak jaso dituzte akordioan.

Atzerako eragina izango du lan hitzarmenak, eta 2023ko lan baldintzak eguneratu egingo zaizkie langileei. Adibidez, soldata: 2023koa %4,3 igoko zaie, aurtengoa %3,5, eta 2025ekoa %3. Lan hitzarmena amaitzen denean KPI kontsumo prezioen indizea handiagoa bada, tarte hori aplikatu eta soldatak berrikusiko dituzte. Jaiegunetan eta igandeetan lan egiteagatik kobratu beharreko ordainsariak ere hobetu egingo dira.

Gainera, lanaldiari dagokionez, astean bi eguneko atseden egunak izatea bermatuko du lan itunak lehen aldiz. Langileen aldarrikapenekin bat eginez, hamabost langiletik gorako enpresetan modu digitalean kontrolatuko dute lanaldia —LABek nabarmendu du «iruzurraren eta prekaritatearen aurkako neurria» dela»—. Urtean lau lanordu gutxiago izango dituzte langileek, eta 2024tik aurrera lau ordu izango dituzte euren kontuetarako.

Sektorean ohikoak diren aldizkako kontratu finkoen baldintzak ere hobetu dituzte. Teknologia berrien bidez deituko zaio langileari lanean hasi baino hiru egun lehenago.

Baimenei dagokienez, langileetako asko jatorriz Nafarroatik kanpokoak direnez, bost egun izango dituzte lurraldetik at dagoen senide bat zaintzeko. Halaber, enpresa handietan, 30 eguneko baimen ordaindu gabea izatea hitzartu dute, hala nahi duten migranteak jaioterrira joan ahal izateko urtean behin.

EHNEko ordezkariak akordioa sinatzen. EHNE.
EHNEko ordezkariak akordioa sinatzen. EHNE.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.