Lehiaketa publikoetan EBtik kanpokoei bidea trabatzeko aukera ireki nahi du Bruselak

EBko barne merkatuan dauden mugak ezabatzeko neurriak proposatuko ditu Europako Batzordeak. 250 eta 750 langile arteko enpresak hainbat arau betetzetik salbuetsi nahi ditu.

Stephane Sejourne Europako Batzordeko Industria estrategikorako lehendakariordea, gaur, Bruselan. OLIVIER HOSSLET / EFE
Stephane Sejourne Europako Batzordeko Industria Estrategikorako lehendakariordea, gaur, Bruselan. OLIVIER HOSSLET / EFE
Iker Aranburu.
2025eko maiatzaren 21a
16:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Merkatu irekien eta merkataritza askearen defendatzaile nagusia izan da azken urteetan Europako Batasuna, baina hori ere aldatzen ari da. AEBetatik datorren protekzionismoaren haizeak batetik, eta Txinaren garapen azkarrak Europako enpresen lehiakortasunari egindako erronkak bestetik, estrategia aldatzea eta neurri defentsiboak hartzea bultzatu dute. Azken horien artean izango dira lehiaketa publikoetan atzerriko konpainiei bidea itxi ahal izatea eta EBn egindako produktuei lehentasuna ematea. 

Stephen Sejourne Europako Batzordeko Industria Estrategikorako lehendakariordea EBren Barne Merkatuaren Estrategia aurkeztu du gaur, Bruselan. Komisarioak azaldu duenez, estrategia horren helburua EBko kideen artean oraindik dauden mugak txikitzea da. Izan ere, Bruselak uste du muga horiek desagerrarazteak bultzada handia eman diezaiokeela EBren ekonomiari, herrialdeen arteko hartu-emanak handituko dituelako.

«Gaur egun, askotan enpresa batentzat errentagarriagoa da Txinan ekoiztea eta haren produktuak Temuren bitartekaritzaz [Europara] bidaltzea barne merkatuan aritzea baino», azaldu du Sejournek. Nazioarteko Diru Funtsak kalkulatu duenez, zenbait arauk dakartzaten barne mugek %44ko muga zerga baten parekoak dira ondasunentzat, eta %110ekoak zerbitzuentzat.

Barne muga horien artean, badira Batzordeak berak «hamar izugarriak» deitzen dituenak; besteak beste, honako hauek: negozioak sortzeko zailtasunak, EBren arau «konplikatuegiak», eta herrialde bakoitzak bere arau propioak izatea hondakinen tratamenduari eta produktuen labelei dagokienez. Azken horri buruz, Sejournek nabarmendu du peluxe bat egitea adina kostatzen dela hari labela jartzea.

Halaber heldu nahi die Bruselak lanbide arautuei. Herrialde batetik bestera asko aldatzen da irizpide zehatz batzuen arabera araututako lanbideen zerrenda, eta Alemanian, komisarioak gogorarazi duenez, hiru lanbidetik bat arautua dago.

Arau gutxiago ertainentzat

Enpresak kexu dira EBk araudi asko dituela eta horietako asko betetzen zailak direla. Horri erantzuteko, Bruselak proposatu du 750 langiletik beherako konpainiak —edo urtean 150 milioi euro baino gutxiago fakturatzen dituztenak— araudi batzuetatik salbuestea, hala nola datuen babeserako arautik, finantza tresnen arautik eta baterien arautik. Gaur egun, 250 langiletik beherako enpresak daude salbuetsita.

Sejourneren arabera, 38.000 enpresari eragin diezaioke muga berriak, baina, bidea libre utziz gero, Europa osoan ibil daitezkeen konpainia handi bilakatu daitezke haietako batzuk, eta «etorkizuneko industria ehuna» osa dezakete.

Baina barne merkatua indartzeko beste bide bat kanpoko mehatxuetatik babestea da, eta Bruselak nabarmendu du «beharrezkoa denean» neurri defentsiboak hartzeko prest dagoela, «merkatu bakarrak ezin duelako estatuek bultzatutako gehiegizko ekoizpenaren esportazioen jomuga». Batzordearen komunikazioak ez du espresuki neurririk aipatu, baina Sejournek Financial Times egunkariari zehaztu dio horien artean izan daitezkeela EBn egindako produktuei lehentasuna ematea sektore estrategikoetan eta lehiaketa publiko batzuetan.

Txinako pneumatikoen inportazioa ikertuko du Eb-k

Basauriko Bridgestoneren estuasunak erakusten du Europako pneumatikoen industriak ez duela bere unerik gozoena bizi. Arazoetako batzuk Txinako ekoizleen lehia desleiala ote den ikertzea erabaki du Europako Batasunak, edo, beste era batera esanda, hango ekoizleek laguntza publikoen bitartez lortu ote duten errentagarriak izatea. Hamalau hilabete iraun ditzake ikerketak, eta Txinak dumping egiten duela erabakiz gero, muga zergak handituko dizkiete. Pneumatikoen industriak 75.000 langile ditu EBn, eta horietatik 5.000 inguru daude Euskal Herrian —Michelinek Gasteizen eta Lasarte-Orian (Gipuzkoa) ditu fabrikak, eta Bridgestonek Basaurin eta Usansolon (Bizkaia)—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.