Lehorteak, hamazazpi edo hemezortzi milioi euroko galerak eragin zituen Gipuzkoako nekazaritzan, 2003ko ekoizpenean; eta ganaduaren sektorea izan zen kaltetuena lehorteak forragean zuzenean eragin baitzuen. Iragan udako tenperatura garaiek eta euri ezak belardiak lehortu zituzten, eta ganaduak beharrezko izango zuen negurako belarra gutxitu egin zen.Ganaduaz gain beste hainbat azpi sektorek ere kalte handiak jasan zituzten euren ekoizpenetan: esnearen ekoizpena %10 jaitsi zen, animalien «siniestralitateak» eta gaixotzeak %100 baino gehiago igo ziren eta animalien ugalketak, arkumeena, adibidez, nabarmen egin zuen behera. «Tolosako babarruna», adibidez, %90 galdu zen eta sagardorako erabiltzen den sagarraren %10 ere ez zen ekoitzi.
Nekazariek hartutako neurriak
Euskal Herriko belardietan hektarea bakoitzeko, belarraren %45-50 galdu zen 2003.urtean; guztira 180.000 tona. Dirutan, berriz, hektareako 350 euroko galerak izan ziren. Guztira, berriz, hamalau milioiko galerak zenbatu zituen nekazarien sindikatuak. Galera horien aurrean nekazaritzaren sektoreak neurri gogorrak hartu behar izan zituen. Izan re, administrazioak ere neurriak hartzen ez zituela ikusi baitzuten. Nekazariek euren ekoizpenekin jarraitu ahal izateko, forraje erosketa bateratuak egin zituzten eta mailegu bereziak hitzartu zituzten Nafarroako Rural Kutxarekin.
-
SALAKETA
«Aurpegia zuritzea» egotzi dio Karrerak administrazioari
Aurtengo lehorteak, sektorea hare eta gehiago okertzea eragingo duela iragarri zuen atzo Eneko Karrera, Gipuzkoako EHNEko lehendakariak. Eta iazko kalteen aurrean administrazioak «aurpegia zuritzea» besterik ez zuela egin salatu zuen. Karreraren esanetan, sindikatuak 2003ko abuztuan iragarri zituen lehortearen eraginak; gaia aurrekontuetan eztabaidatzeko «garai aproposa» zen. Baina administrazioak «berandu» hartu zituen neurriak «hartu zituen kasuetan», eta horiek «urriegi» izatea leporatu zion EHNEko lehendakariak.Bestalde, administrazioak agindutako laguntzak, «nekazariek ez dituztela jaso» eta «nekazariek ekoizten jarrai ez dezaten nahiko ote duen» zalantzan dagoela salatu zuen Karrerak.