Lezoko Interal enpresak 85 langile kaleratu nahi ditu, eta bi greba egunetara deitu dute

Beharginen herenei eragingo dien espediente bat aurkeztu du elikagai prestatuen ekoizleak. Langile batzordeak ez du baztertu greba mugagabera jotzea.

Interaleko langileen protesta kaleratzeen aurka, iaz, Lezoko lantegiaren kanpoaldean. ELA SINDIKATUA
Interaleko langileek kaleratzeen aurka eginiko protesta, iaz, Lezoko lantegiaren kanpoaldean. ELA SINDIKATUA
Paulo Ostolaza.
2025eko ekainaren 23a
11:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Salda bero dago Lezoko (Gipuzkoa) Interal elikagai prestatuen enpresan. Zuzendaritzak enplegua erregulatzeko espediente bat aurkeztu du, eta langileen herenei eragingo die; haren bidez, lantaldea osatzen duten 226 lagunetatik 85 kaleratu nahi ditu. Langile batzordeak gaitzetsi egin ditu asmo horiek, bi greba egun antolatu ditu, eta ez du baztertu greba mugagabera jotzeko aukera.

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, lanuzteak ekainaren 26an eta uztailaren 2an egingo dituzte, eta, egoerak hobera egiten ez badu, uztailaren 8an ekingo diote greba mugagabeari. Batzordean bost ordezkari ditu ELAk, beste bost UGTk, eta hiru CCOOk.

Salatu dutenez, enpresaren erabakiak ezinegona sortu du langileen artean, haien herenak kaleratzea «oso erabaki traumatikoa» izango bailitzateke. Sindikatuen iritziz, espedientea ez dago justifikatuta, «azken urteetan enpresak etekin historikoak lortu baititu, baita dibidenduak banatu ere».

Supermerkatuen hornitzailea

Datozen egunetakoa ez da izango langileek azken hilabeteetan egin duten lehen protesta. Iaz, salatu zuten enpresak 28 langile kaleratu zituela batzordearekin negoziatu gabe, eta lan hitzarmena berritzeko negoziazioen harira ere mobilizatu dira.

Interalek saldak, zopak, saltsak eta prestatutako beste elikagai batzuk ekoizten ditu, besteak beste Mercadona, Aldi eta Lidl supermerkatu kateentzat. Marka zurien hornitzailea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.