LIDERRAREN ARRAZOIAK

Ikerketa baten arabera, Europako beste inon baino greba gehiago egin dira azken urteetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Estatistika horren arrazoi nagusia ELA eta LAB sindikatuen jarrera da. Erresistentzia kutxen ugalketak ere protesta molde hori elikatzen duela ondorioztatu dute.

Iazko urtarrilaren 30eko greba orokorra aurkezteko ekitaldia. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskal sindikalismoa «greben Europako ligako liderra» da, eta, hein handi batean, ELA eta LAB sindikatuek protesta mota horiek baliatzeko aukeratutako moduarengatik da. Grebalarientzako erresistentzia kutxen babesarekin, «negoziazioa kolektiborako jarrera erradikalagoak» hartzen dituzte, eta CCOO eta UGT sindikatuek baino errazago jotzen dute lanuzteetara. «Are gehiago», zehaztu du Jon Las Heras (Gasteiz, 1987) EHUko ikerlari eta irakasleak, «Europako herri guztietan greba kopurua jaitsi egin bada ere, Euskal Herrian logika ezberdin bat agertu da. Espainian, esaterako, 1980ko hamarkadan Euskal Herrian baino gehiago egiten ziren: Asturiasen, Katalunian… Eta Europan berdin. Sindikatu handi gehienek, baina, itunpeko bideetara jo dute».

Baieztapen horiek ondorioak dira, De Las Herasek eta Lluis Rodriguez ekonomialariak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan azken bi hamarkadetan egon diren greben inguruan eginiko ikerketatik eratorriak. Hilabete luzeko ikerketa egin, eta British Journal of Industrial Relations [Britainiako Lan Harremanetarako Egunkaria] aldizkarian argitaratu dute. Eta ez arazorik gabe, euren harridurako greben inguruko datu gutxi baitaude. Las Heras: «Grebak gertakizun publikoak dira, erregistratu beharrekoak eta Gizarte Segurantzan eragina dutenak. Hala ere, datu gutxi daude. Nork deitu du horietara? Zeinek hartu du parte?... Oinarrizkoa beharko lukeen informazioa zaila da aurkitzen. Baliabide gutxi bideratzen dira,edo ez dago interes handirik».

Euren kasa bildu dituzte datuak, hainbat iturritatik jasoak, eta ondorioztatu dute 1990etik 2017ra bitarte EAEn, batez beste, 366 greba egun egon zirela 1.000 langileko. Eta asko al dira? Bada, Espainia bigarren sailkatuan (188) izandako bikoitza baino gehiago —Espainiako datuetan EAEkoak sartzen dira, eta greba horien herenak EAEn egin ziren. Beste herrialdeekin alderatuta ere, asko dira: Italian, 125 egun izan ziren, batez beste; Danimarkan 113 eta Frantzian, 103. Krisi ekonomikoak gogor eragin zien grebei, baina azken hiru urteetan berriz ere gora egin dute lanuzteek EAEn: 2017an 125 greba egun izan ziren 1.000 langileko; 124, 2018an; eta 413, 2019an. Urte horietan bigarren batezbestekorik handiena da Frantziaren atzetik.

«Euskal Herrian greba joera handia dago, eta, hegoaldean Espainiako legedia berean sartuta egon arren, han baino askoz greba gehiago daude», nabarmendu du Las Herasek. Hala ere ,«joera» ez da nahikoa azalpen, ikerlariak dioen bezala, «sindikatu guztiek ez dituztelako greba berak egiten». Greba kopuru handiaren arrazoia ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuen jarduna da, «kontraboterearen» multzokoak, euren hitzetan. Baina zergatik kontraboterekoak? «Lau euskal sindikatu handiek [ELA, LAB, CCOO eta UGT] gatazkak modu ezberdinean jorratu dituzte. Kontraboterekoek greba ezinbesteko negoziazio txanpon gisa hartu dute. Besteek, elkarrizketa sozialaren, sindikatuek, aldiz, ez dute haren alde egin».

Greben aldekoak, goraka

Azalpenarekin jarraitu aurretik,ezinbestekoa da EAEko egoera sindikalaren erradiografia egitea2018ko datuak dira, ikerlariek emanikoak—: ELA da afiliatu gehien eta ordezkaritzarik handiena duen sindikatua: 90.000 eta %41,04; CCOO, bigarrena:48.000 eta %18,52; LAB, hirugarrena: 39.000 eta %19,09; eta UGT, laugarrena: 35.000 eta %10,68. Portzentajearen beste tartea ESK, Steilas, USO eta CGT sindikatu txikiagoek betetzen dute.

Ordezkaritzaren joerari erreparatuz gero, ELA %39tik %41era pasatu da azken sei urteetan;LAB %17,5etik %19,era;CCOO %19,7tik %18,5era etaUGT %12,4tik %10,6ra.

Kontrabotereko sindikatuen ordezkaritza %60,13 da, beraz, baina grebetan eragin handiagoa dute. «Deigarria da bakarka egiten duten greba kopurua», azaldu du Las Herasek: «Nahiz eta baliabide gutxiago izan, sindikatu txikiagoak direlako, greba gehiago egin, eta antolatzen dituzte. CCOOri eta UGTri, aldiz, kosta egiten zaie grebara joatea, eta, normalean, lagunduta joaten dira». 2001-2018ko tarteari erreparatuz gero, ELAk EAEko greben %27 antolatu ditu, eta %39tan bakarrik parte hartu du. LAB, ESK-k, Steilasek eta kontrabotere taldeko beste sindikatuekLABen datuak haiekin nahastuta lortu dituzte—greben %28 bultzatu dituzte. CCOO eta UGT, aldiz, beste muturra dira. UGT greben %5etan aritu da bakarrik, eta %83tan gutxienez beste bi sindikaturekin.

Iraupenari dagokionez, ELAren grebak dira luzeenak: hamazazpi egunekoak batez beste, CCOO eta LABenak zazpikoak dira, eta UGTrenak, bostekoak. Desorekak azaltzeko, ikerlariek uste dute aldagai bat oso kontuan hartu behar dela: erresistentzia kutxak, edo sindikatuek grebalariak ekonomikoki laguntzekodituzten funtsak. «Erresistentzia kutxak ez dira konponbidea, baina arazoa ikusarazten laguntzen dute. Era berean, elkartasun sentipena areagotzen dute, afiliatu batek jartzen duen diruaren zati batek beste batzuei laguntzen die euren posizioa indartzen beste negoziazio batzuetan».

Finantzaketa propioa

ELAk 1978tik du Erresistentzia Kutxa; LABek, aldiz, 2010ean sortu zuen Borroka Kutxa, eta ESK-k Elkartasun Fondoa, 2005ean. Afiliatuen kuotekin hornitzen dira, eta kuota horiek CCOO edo UGTrenak baino handiagoak dira. ELAren kasuan,21,77 euro da hileko, eta laurden bat doa funtsera. LABen kuota, aldiz, 17,61 euro da. Diru laguntzei dagokienez, ELAk 1.102 eurokoordainketa bat egiten du hilero, eta grebaren baldintzen arabera handitu daiteke. LABena hileko 750 eurora irits daiteke, eta ESKrena, 900 eurora. UGTk ez du funtsik, eta CCOOk sortu berri du, baina lantzeke du.

Erresistentzia funtsek grebari eustea errazten dute, baina kontrabotereko blokean hedatu dira, «euren afiliatuei bakarrik kitatu behar dizkietelako kontuak». Artikuluan zabalago azaldu dute: «Finantzaketa autonomiak konfrontazio estrategia abiatzeko askatasuna ematen die, hala gobernuekin nola enplegatzaileekin. Beste sindikatuak, aldiz, estatuen funtsetara lotuta daude». ELAren kasuan, esaterako, finantzaketa propioa %94,4 da.

Eta, zerbaiterako balio al dute grebek? Noiz? «Asko dago ikertzeko haiei buruz», aldarrikatu du Las Herasek, eta gehiago jakiteko beste gako bat eman. «Ondorioak ateratzeko, ikertu egin behar da, eta, horretarako, baliabideak behar dira. Erakundeek, esaterako, badute zeregina hor».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.