LISBOAKO ITUNA. ERREFERENDUMA IRLANDAN. Geldirik garabiak, eta lurrean helikopteroak

Tigre Zeltaren mirari ekonomikoa bat-batean amaitu da Irlandako Errepublikan, eta mendebaldeko Europako daturik txarrenak eman ditu berriro: langabezia bikoiztu egin da, eta BPGa %9 txikituko da aurten.

Iker Aranburu.
2009ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Bazen behin herrialde bat urtebetean langabezia tasa bikoiztu zuena, milaka etxebizitza hutsekin geratu zena eta agintari politikoen ospea hutsaren parekoa zena. Adibide hurbilagoak izan arren, euskal kostaldetik mila kilometro iparraldera begiratzeko txanda da. Irlanda, 1990eko hamarkadan orro egiten zuen Tigre Zelta, erabat otzandu da, eta Islandiaren patuari ozta-ozta ihes egin dion katutxo ikaratu baten antza handiagoa du.

Irlandarrek dioten moduan, Tigrearen arazoa da lanbide okerra hartu zuela, eraikitzailearena alegia. Finantza krisiak maileguen iturria itxi eta bankuak kinka larrian jarri zituenean, Irlandako ekonomiaren aldamio nagusia erori egin zen, zalaparta handiarekin. Berriro ere, gertuagoko adibideak badaude.

Hainbat datuk erakusten dute Irlandako ekonomiaren gainbehera. Irlandari dagokio, esaterako, Mendebaldeko Europako barne produktu gordinaren erorketa handienaren ohorea: ekonomia %3 jaitsi zen iaz, eta %9 amilduko da aurten. Nazioarteko Diru Funtsak espero du 2010ean beste %2,5 utziko duela.

Baina bada hori baino datu esanguratsuagorik: aurten, lehen aldiz 1995az geroztik, gehiago dira uhartea utzi dutenak hara bizitzera joan direnak baino. Alde egin duten 65.100 lagunen erdiak Europa ekialdeko etorkinak ziren, baina baziren 18.500 irlandar ere. Beste hitz batzuetan, Irlanda berriro emigranteen lurraldea bilakatu dela, eta harekin batera itzul daiteke uharteko ekonomia lozorroan utzi zuen ezkortasuna. Mirari ekonomikoarengatik mirestuak izatetik, berriro ere ingelesen lehengusu kaskarin eta pobreak izatera pasatzeko beldurra.

Ia hogei urte iraun duen loraldiak asko aldatu du Irlanda; Europa mendebaldeko herrialde pobreenetakoa izatetik, bigarren aberatsena izatera igaro da, biztanleko BPGaren arabera neurtuta. Lanak eta sartzeko erraztasunak dozenaka mila etorkin erakarri ditu Irlandara, Poloniakoak eta Baltikokoak batik-bat, baina baita Afrikakoak eta Hego Amerikakoak ere. Garai bateko Dublin, egoera ekonomiko triste baten penak Guinness pintetan itotzen zituena, Londres txikia bilakatu da azken urteotan, hiri kosmopolita eta koloretsua.

Kafetegiek lekua hartu dute Dublingo erdialdean, eta garabiek gainontzekoan. Edonon ikusten dira merkataritza guneak, bulegoak edo auzo erresidentzial izan behar zutenak eraikitzen. Geldirik daude garabietako asko, eta lurrean haien jabeek garai oparoetan uharteko errepide estuei ihes egiteko erositako helikopteroak. Lurrean dago eraikitzaileen izen ona, eta lur jota Gobernua, eraikitzaileek bankuetan utzitako zuloa estaltzeko behar duen dirua nola-hala bilatzen.

Irailean, eraikitzaileek bankuei pagatzeke utzi dizkieten maileguak bere gain hartzeko programa abian jarri zuen, Nama izenekoa (Aktiboak Kudeatzeko Agentzia Nazionalaren laburdura, ingelesez). Oposizioaren eta herritarren %80en iritziaren aurka, Gobernuak 54.000 milioi euro pagatu dizkie bankuei mailegu toxikoen truke. Brian Lenihan Finantza ministroak argudiatu du aktibo horien balio nominala 77.000 milioikoa dela, nahiz eta uneotan, asko jota, 45.000 milioi baizik ez duten balio. Eta etxeen prezioak jaisten jarraitzen badu, dirutza galduko du Irlandako Estatuak.

Bankuen nazionalizazioa

Namaren bitartez, Dublinek beste laguntza bat eman nahi die bere bankuei. Enegarrena. Anglo-Irish Bank dagoeneko nazionalizatu du, eta Allied Irish Banken eta Bank of Irelanden %25 dauzka bere esku. Europako Batasunak ohartarazi dio Irlandari zorrak pagatzeko arazoetan sar daitekeela. Kontu publikoen okertzea izugarria izan da: 2007an BPGaren %0,2ko superabita izan zuen Estatuak, baina iaz defizita %7,3ra iritsi zen, eta aurten %12,2ra helduko dela espero dute. Mendebaldeko okerrena hura ere.

Pagatzerik ezin dituen fakturak handitu ez daitezen, Brian Cowenen gobernuak guraizeak atera ditu: aurten pentsio publikoak %7,5 gutxitu ditu, eta 2010erako aurrekontuetanzergen igoera, gastu sozialaren jaitsiera eta 17.000 funtzionarioren kaleratzea iragarriko du. Azken horiek dagoeneko nahiko lodituta dauden langabeen ilarak handituko dituzte: iazko abenduan langabezia tasa %6,1ekoa zen, %12ra iritsiko da aurten eta, NDFren aurreikuspenak betetzen badira, %15,5era iritsiko da datorren urtean. Datu hori baino okerragoa aurkitzeko, oraingoan bai, ez da Irlandara begiratu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.