LPEEren petrolio ekoizpenak beste errekor bat ezarri du irailean

Iturria ixten hasteko negoziazioek aurrera jarraitzen duten arren, egunero 22.000 upel gehiago ekoitzi dituzte abuztuan baino

Munduko petrolio ekoizpena hazi egin da azken hilean. WU HONG / EFE.
xabier martin
2016ko urriaren 13a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Saudi Arabiak merkatua beltzez blai jartzeko estrategiaren ondorioek bere horretan jarraitzen dute. Hilabeteotan petrolio merkearen aroari mugak jartzen hasteko negoziazioak ez du etenik izan, hala LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundearen barruan nola hortik kanpoko beste ekoizleen artean. Baina irailak datu argi bat utzi du: LPEEk beste errekor bat ezarri du ekoizpenean. Egunero 33,4 milioi upel ekoitzi dituzte erakundeko hamalau kideek; abuztuan egunero 22.000 upel gutxiago izan ziren.

Petrolioa nahikoa jaitsi dela, eta jaitsiera horrek LPEEkoak ez diren ekoizle lehiakideengan eragin nahikoa izan duelako ustea gailendu daiteke aurki erakundearen barruan, baina ekoizpena izozteko —edota zailagoa dena, jaisteko— kideek balizko akordio baten zain daudela, argi dago LPEEk iturria zabal-zabalik duela. Eguneko 105.000 upel gehiago ekoitzi ditu Irakek irailean abuztuan baino, esaterako, eta horrek LPEEko ekoizle handienen artean bigarren jarri du, Saudi Arabiaren atzetik. Baina Libiak eta Nigeriak ere beren emaria handitu dute irailean: 92.600 eta 95.300 upel eguneko, hurrenez hurren. Iranek ere iturria gehiago zabaldu du; Teheranek ez du alferrik galdu nahi enbargoaren amaierak zabaldutako abagunea.

Maduroren nahiak

Bada, igoera horiek eta igoera txikiago batzuk (Kuwait, Qatar, Ekuador eta Arabiar Emirerri Batuak) jaitsierak baino gehiago izan dira. Iturria apur bat itxi dutenen artean dago ekoizlerik handiena: Saudi Arabia, baita Venezuela, Angola, Gabon, Aljeria eta Indonesia ere.

Argi dago eskaintza eskaria baino handiagoa dela oraindik ere mundu osoan; besteak beste, LPEEtik kanpo aritzen diren ekoizle batzuek ere gehiago ekoitzi dutelako. Hala, mundu mailako petrolio eskaintza eguneko 1,45 milioi upel gehiagokoa izan da, eta horrek eguneko 2 milioi upeletan gainditzen du LPEEk kalkulatutako eskari orokorra. Saudi Arabia buru duen erakundeak uste du, hala ere, aurten LPEEtik kanpoko eskaintza apur bat gehiago txikituko dela.

Horiek horrela, Energiaren Nazioarteko Agentziak garbi esan zuen herenegun 2017ko lehen zatira arte behintzat ez dela aldaketa handirik izango erregaien salneurrian, ekoizpena izozteak ez duelako esan nahi eskaria eta eskaintza orekatuko direnik. Baina Brent upelak azken urteko salneurririk garestiena hartu du asteon, 53 dolarretatik hurbil, eta LPEEren upelak atzo azken hamalau hilabeteetako preziorik garestiena lortu zuen: ia 49 dolar.

Saudi Arabiak 2014an bultzatutako estrategiak bere emaitzak ekarri ditu; mendebaldeko zenbait lehiakidek beren inbertsioak jaitsi behar izan dituzte, baina LPEEko kide batzuk ere gorriak ikusten ari dira urre beltzaren uholdea dela eta, tartean Venezuela. Energiaren Munduko Biltzarrean, Istanbulen, Nicolas Maduro presidenteak atzo esan zuen upelaren «salneurri bidezkoak» 70 dolarretatik gorakoa izan behar duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA