Urte hasierakoak ez dira hilabete errazak izan ekonomiarentzat, oro har. Lehendik ere nahikoa nahasia zen egoerari Iranen kontrako erasoak eta Ormuzko itsasartearen itxiera gehitu zaizkie, eta gauzak are gehiago nahastu dira. Geopolitikaren inguruko ziurtasun falta handiak eta merkataritzako tentsioek hor jarraitu dute.
«Testuinguru horrek zuhurtasun handia eskatzen du, baita egokitzeko gaitasuna izatea ere», azaldu du gaur Mauri Arregi Gipuzkoako Ganberako presidenteak, eta gaineratu du lurraldeko ekonomia erresistentziarako ahalmen handia erakusten ari dela.
Ganberak sektore guztietako hirurehundik gora enpresaren artean egindako inkestari begira, Arregik azaldu duenez, «enpresen jarduerak eboluzio positiboa du oraindik ere; enpleguak sendotasuna erakusten jarraitzen du, eta konpainiak gai dira aukera topatzen jarraitzeko nazioarteko halako testuinguru estuan».
Jarduerari dagokionez, Gipuzkoako enpresa gehienek negozioa handitu edo mantendu dute, eta %30ek izan dute beheraldia. Aurrera begira, enpresa gehienek uste dute beren egoerak hobera egingo duela, eta soilik %20k uste dute jarduera murriztuko zaiela.
«Batek ez daki azkenean Mexikon inbertituko duen ala ez, edo lantegia Europan jarri behar den, edo zer gertatuko den Txinarekin. Horrekin guztiarekin erabaki asko daude geldirik, eta ekipo ondasunen ekoizleek igarri diote eskaera berrien sarreran»
JAVIER ZUBIAÂ Gipuzkoako Ganberako zuzendari nagusia
Sektorekako begiratuan xehetasun gehiago ikus daitezke bilakaeraren eta aurreikuspenen inguruan. Javier Zubia Gipuzkoako Ganberako zuzendari nagusiak, adibidez, industriako enpresen «errealitate heterogeneoa» aipatu du. «Orokorrean egoerari ondo ari dira eusten. Batzuk ondo ari dira tiratzen, eta beste batzuk gehiago ari dira sufritzen».
Industriaren alorrean gehien sufritzen ari direnen bi alor nabarmendu ditu Zubiak: «Automozioari lotutako enpresak dira bat. Guztiok dakigu sektorea egiturazko aldaketa batean dagoela».
Eta sufritzen ari den beste alorra ekipo ondasunena da. «Gipuzkoan horiei lotutako enpresa ugari daude, eta ziurtasun falta globalak eta zalantzak hainbeste dira, inbertsio erabaki asko geldirik baitaude munduan», esplikatu du Zubiak. «Batek ez daki azkenean Mexikon inbertituko duen ala ez, edo lantegia Europan jarri behar den, edo zer gertatuko den Txinarekin. Horrekin guztiarekin, erabaki asko daude geldirik, eta ekipo ondasunen ekoizleek igarri diote eskaera berrien sarreran».
Aitzitik, industrian badira fin dabiltzan alorrak ere, hala nola energia, trengintza, aeronautika eta defentsa sektorea. Hori erabat lotzen zaie esportazioei. Gipuzkoako esportazioak %0,6 gehitu direla azaldu du Zubiak, eta kopuru ona dela, «urte oso onetatik gatozelako». Deigarria egin zaie, hori bai, esportazioetan emaitzarik onenak Europatik etortzeak. «Hazten ari gara Frantzian, Alemanian, Italian, Portugalen. Herrialde horietan oso ondo gaude kokatuta».
Dena den, Alemaniako eta Frantziako hazkundeak apalak direla esan du Zubiak, eta lehen aipatutako alorretan nabaritzen direla gehien —energian, aeronautikan—.

Beste sektoreei dagokienez, Arregik zehaztu du eraikuntza oso ondo dabilela, baina ari dela langile eta gremioen falta nabaritzen, eta baita materialen garestitzea ere. Merkataritzan, Zubiak esplikatu du ohikoa izaten dela urteko lehen lau hilabeteetan motelaldia izatea, «Eguberrien ondoren, merkealdiarekin». Zerbitzuetan, bestalde, emaitzak oso onak direla gehitu du: enpresen erdiek egonkortasuna erakutsi dute, eta %45ek hazteko aurreikuspena dute.
%72Â
Zenbat enpresak eutsiko dioten enpleguari. Enpleguaren alorrean ondo dabiltza Gipuzkoako enpresak. Lantaldeei eustea aurreikusten dute konpainien %72k, langile gehiago hartzea %18k, eta taldea murriztea %10ek.
Lehiakortasuna
Ganberako presidenteak azaldu du Gipuzkoako ekonomia bere bidea egiten ari direla, eusten diotela udaberrian egindako aurreikuspenei, eta uste dutela 2026an lurraldeko barne produktu gordina %2 handituko dela.
«Baina inkestak utzi digu beste mezu bat: testuinguru globalaren gaineko konfiantza apaltzen ari da, ziurgabetasun geopolitikoa gero eta handiagoa dela eta. Europaren egiturazko ahultasunarengatik, nazioarteko lehia gero eta intentsoagoarengatik —batez ere Txinarekin—, gure industriarentzat estrategikoak diren sektoreentzat. Eta galdera da: hori ikusita, jarraituko al dugu Gipuzkoaren lehiakortasuna indartzen?».
Arregiren aburuz, lehiakortasunak toki zentrala izan behar du Gipuzkoaren agenda ekonomikoan, «eta elkar indartzen duten hiru zutabetan oinarritu behar du: enpresetan, pertsonetan eta inguruan». Gaineratu duenez, Gipuzkoako Ganberarentzat «fiskalitatea lehiakortasunerako tresna garrantzitsua» da.