Erabaki irmoa hartu du Maderas de Llodioko enpresa batzordeak: astelehenetik aurrera greba mugagabea hasteko deia egin die konpainiako langileei, argudiatuta Garnica taldeak ez duela bertan behera utzi enpresako 39 langile kanporatzeko asmoa. Enpresa batzordeak ohar bidez eman du erabakiaren berri, herenegun eta gaur bertan lanuzteak antolatu ondoren.
Maderas de Llodio enpresak hil hasieran iragarri zuen Laudioko (Araba) konpainia horretako 151 behargin kaleratzeko erabakia. Joan den astean, zuzendaritzak bilera bat egin zuen enpresa batzordearekin, eta orduan jakinarazi zuen 39 langile kaleratuko zituztela, «produktibitate eta antolaketa arrazoiak» tarteko.
Konpainiak Errioxako Garnica taldearen beste lantegi batzuetara eraman nahi du produkzioaren zati bat; enpresa batzordearen arabera, baina, aldaketa horrek «deslokalizazioa» dakar, eta «arriskuan» jartzen du eskualdearen etorkizuna. Hain zuzen, Aiaraldeko ekonomiak izan du beste kolperik azken hilabeteotan: apirilean itxi zuen Laudioko lantegia Guardian Glassek, eta 171 langile kaleratu zituen.
Erantzukizun falta
Motibo horiek guztiek bultzatu dute Maderas de Llodioko enpresa batzordea greba mugagabera deitzera; are, prentsa oharrean, batzordeak nabarmendu du behin baino gehiagotan berretsi duela langileen alde borrokatzeko «konpromisoa». Kontrara, salatu du instituzioek ez dutela «neurrizko ekintza eraginkorrik» egin, eta Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari eskatu die neurriak hartzeko.