Maderas de Llodio (Araba) enpresako zuzendaritzak «alde bakarrez» itxi du enplegu erregulazioko espedientearen inguruko negoziazioa, langile batzordeak salatu duenez. Erabaki horrek, LAB sindikatuaren ustez, are gehiago okertuko du «dagoeneko larria eta konplexua den lan gatazka». Salatu du zuzendaritzak «mahai gainean jarri duen proposamen bakarra» kaleratze gehiago egitea eta negoziazioa amaitzea izan dela.
Enpresak iazko irailean jakinarazi zuen erregulazioko espedientea, «produktibitate eta antolaketa arrazoiak» argudiatuta. Haren asmoa da Laudioko lantegiko produkzioaren %40 Garnica taldearen beste zentro batzuetara eramatea eta hango plantako 39 langile kaleratzea. Erabaki horri aurre egiteko, langileak greba mugagabean daude irailaren 22tik.
Langileen ordezkariek azaldu dutenez, denbora horretan hainbat proposamen aurkeztu dituzte, azkena abenduan, baina hori ere baztertu egin zuen zuzendaritzak. Azaldu dutenez, eskaintza hori «langileen gehiengo zabal batek» berretsi zuen, eta gatazkari «benetako irtenbide bat emateko aukera» ematen zuen. «Negoziatzeko borondate faltaren erakusgarri argia da jarrera hori, eta edukirik gabe uzten du benetako eta fede oneko negoziazioari egiten zaion edozein erreferentzia».
Batzordearen arabera, negoziazio horietan zuzendaritzak etorkizunean plantaren jarduera berraktibatzeko aukera aipatu zuen, baina ez zuen «inolako konpromiso zehatzik, eperik edo bermerik» eman. «Ziurgabetasun guztia langileen gain uzten du, eta berriro ere bere erantzukizunei ihes egiten die». Langileek ez dute baztertzen auzitara jotzea, baina azpimarratu dute bide horrek ez lukeela Maderas de Llodioren egoera konponduko.
Egoera horretan, langileek zuzendaritzari eskatu diote «jarrera zuzentzeko, negoziazioari seriotasunez eta erantzukizunez berriro heltzeko, eta negoziatzen ari ziren baldintzetan oinarritutako proposamen bat aurkezteko». «Enpresak, hasieratik, badaki zein den egoera hau konpontzeko bidea; bide hori irekita dago oraindik, eta oraindik ere beraien esku dago».
Deslokalizazio arriskua
Maderas de Llodio egurrezko xafla kontratxapatuen ekoizpenean aritzen da, nagusiki pinuzkoak, eta 2018az geroztik dago Errioxako Garnica taldearen barruan. Garnica taldeak zazpi planta ditu guztira: Arabakoaz gain, lau ditu Espainian eta beste bi Frantzian. Gaur egun, AEBetako Carlyle funtsak du taldearen kapitalaren %70 inguru, nahiz eta Garnica familia oraindik akziodunen artean dagoen. 2022an, taldeak Laudioko plantan bost milioi euro inbertitzeko asmoa iragarri zuen, xaflen ekoizpena handitzeko helburuarekin.
Enpresak ibilbide luzea du Aiaraldean, eta, eskualdeko eragileek gogoratu izan dutenez, eragin zuzena du hango enpleguan, produkzio sarean eta lehen sektorean. Gogorarazi dute egoera bereziki kezkagarria dela, azken hilabeteotan Aiaraldeko ekonomiak beste kolpe gogor batzuk jasan dituelako: Guardian Glass enpresak apirilean itxi zuen Laudioko lantegia, eta 171 langile kaleratu zituen.