Madrilek eta Iruñeak 431 milioiko ekarpen garbia itundu dute 2020rako

Metodologia zehaztuta, Nafarroak lehen bi urteetan gehiago pagatu zuenez, estatuak 138 milioi euro itzuliko dizkio. Aurtengo ekarpenari dagokionez, doikuntzak eginda «aldekoa» izatea espero dute

Koordinazio batzordearen bileraren hasiera, atzo, Iruñean, Nafarroako Jauregian. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Nafarroako finantza publikoek hauspo handia izango dute aurki. Zehazki, 138 milioi eurokoa. Kopuru hori azkenik hitzartutakoaren eta aurretik ordaindutakoaren arteko diferentzia da. Izan ere, hiru urte berandu, baina Nafarroako eta Espainiako gobernuek 2020-2024 eperako ekarpenaren kalkulua hitzartu dute: 2020an, Nafarroak estatuari ordaindu beharreko ekarpen garbia 431 milioi eurokoa izango da.

2021eko ekarpena ere eguneratu dute: 580,3 milioi eurokoa izango da. Bi urtetako likidazioa Nafarroaren mesedetan izan da, eta abenduaren 30ean jasoko du. Aurtengoa egitea falta bada ere,behin doikuntzak eginda «aldekoa» izatea espero du Nafarroako Gobernuak. 2023koari dagokionez, aurrekontuetan emandako 635 milioi euroko kopurutik «gertu» egongo delaaurreratu du.

Azalpen nahasia

Kazetariei ez diete xehatu zertan oinarritu diren saldoa Nafarroaren aldekoa dela esateko: izan ere, 2021ean 535 milioi euroko ekarpena ordaindu zuen Nafarroak, eta, aurtengo aurrekontuetan, 573 milioi euroko ekarpena zegoen jasota. Teorian, 2021ean eta 2022an hitzartutakoa baino 93 milioi euro gutxiago pagatu du Nafarroak. Zergen doikuntzen ondorioz aldea positiboa dela esatera mugatu dira.

Atzo goizean Iruñean bildu zen Hitzarmen Ekonomikoko Koordinazio Batzordea, bi gobernuetako hamabi ordezkariz osatutakoa. Maria Txibite gobernuko lehendakariak aipatu zuen bi aldeen arteko «leialtasun eta errespetu instituzionalaren arteko emaitza» dela. «Pare bat urte daramagu hizketan, eta bi administrazioen arteko harremana sendotuko du».

Hala ere, datu dantza egon zen Espainiako Ogasun Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuaren artean. 2020-2024 epeko lehen urteko ekarpena 510,2 milioi eurokoa izan zela azpimarratu zuen Madrilek; 2021ekoa, 687 milioi eurokoa, eta aurtengoa, 754 milioi eurokoa. Nafarroako Gobernuak, berriz, 2020koa 431,3 milioi eurokoa dela esan du; iazkoa, 580,3 milioi eurokoa, eta aurtengoa, 621,5 milioi euro ingurukoa.

Zergatik dago diferentzia handi hori? Gobernu bakoitzak bere iritzi publikoari begira egokien zaion datuari erreparatu diolako, baina egiazki ez dago diferentziarik. Madrilena ekarpen gordina da, eta Iruñearena, garbia.

Zertan datza aldea? Ekarpena kalkulatzeko metodologian hainbat konpentsazio daude —hala nola hitzartu gabeko zergak, zerga bidezkoak ez diren estatuaren diru sarrerak, defizita eta itundutako zuzeneko zergak—. Alta, kapital higiezineko irabazien eta Nafarroan estatuarentzat lan egiten duten langile nafarren zerga atxikipenak ere hor sartzen ziren, baina bi gobernuek hitzartu dute atal hori ekarpenaren kalkulutik ateratzea. Hemendik aurrera, diru mugimendu horiek doikuntza gisa zenbatuko dira.

Kontabilitate arloko mugimendu horrek berekin ekarriko du ekarpen gordina handitzea, baina doikuntzaren ondorioz Nafarroaren diru sarrerak handitzea. Kontuan hartu behar da kopuru handia dela: 2020an, atxikipen horien zenbatekoa 79 milioi eurokoa izan zen; 107 milioi eurokoa iaz, eta 110 milioi eurokoa aurten. Alta, kontabilitate arloko aldaketaz harago, altxortegiarentzat azken emaitza da garrantzitsuena.

Zergatik erabaki dute hori metodologiatik ateratzea? Maite Dominguez Hitzarmen Ekonomikoaren zerbitzuburuaren arabera, gainerako konpentsazioek estatuko aurrekontuetako diru sarrerei edo gastuei egiten zieten erreferentzia, baina atxikipenek ez. «Azalpen konplexua du. Etekin eta atxikipen horiek Estatuko Zerga Agentziak biltzen ditu, baina guri itzuli behar digu. Kontzeptu hori aurrekontuetatik at zegoenez, ekarpenetik ateratzea erabaki dugu».

Akordioan bada beste puntu deigarri bat. Ekarpena nabarmen handitu da urte batetik bestera. Kontuan hartu behar da kalkuluaren abiapuntua estatuaren diru sarrerak direla eta lehen urteko ekarpena pandemiaren garaikoa dela. 2020an diru sarrerek behera egin zutenez, ekarpen gordina apalagoa izan da, 2015ekoaren parekoa. Hala ere, urte batetik besterako eguneratze indizeak estatuko diru sarreren bilakaera oinarri duenez, ondorengo urteek jauzi hori islatu dute.

Akordioan, zerga doikuntzak berritu dira, eta Foruzaingoaren kostu unitatea hitzartu da: 56.515 euro polizia bakoitzeko. Aurki Nafarroak bere gain hartuko duen trafiko eskumenaren kostua finkatzeko balioko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.