Abelgorriei eragiten dien dermatosi nodularraren kasuak Ipar Euskal Herritik hurbil daudela, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Hego Euskal Herriko behi azienda guztien txertatzea ezartzeko eskatu zuten gaiaz Madrilen egin zen azken bileran. Gaur berriz ere galde horrekin joan dira gobernuak Madrilera, eta berriz ere erantzun bera jaso dute, ezezkoa, Rasve Albaitaritzako Alerta Sanitarioen Sarearen bilkuran.
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, bere menpeko lurraldean Gipuzkoan egingo da txertaketa —aurreko bilkuran ezarri bezala—, eta Gipuzkoarekin muga egiten duten Arabako eta Bizkaiko bi eremu txikitara baino ez da hedatuko neurria. Ez dute aintzat hartu Amaia Barredo Jaurlaritzako Nekazaritza sailburuak azaldutakoa, «logikoena» erkidegoko behi azienda guztiak txertatzea dela, neurriaren «erabilera, jarraipena eta kontrola errazteko, baita erkidego bakoitzeko ustiategien arteko mugimendua ere».
Ipar Euskal Herrian, berriz, lan betean dabiltza txertaketan. Frantziako Nekazaritza Ministerioak gaur emandako datuen arabera, Pirinio Atlantikoetan abelgorrien erdiak baino gehiago txertatu dituzte jada, 202.677 behietatik 105.678 abere.