Jaka horia soinean, «nekatuta» baina bidean jasotako babesarekin pozik, gaur arratsaldean iritsi dira Madrilera irailaren 23an Bilbotik oinez joandako pentsiodunak.
Espainiako hiriburuko Sol plazan batu dira Andaluziatik abiatutako pentsiodunekin. "Une hunkigarria izan da", Luki Gomez Bilbotik abiatutako pentsiodunetako batek ziurtatu duenez. Elkar besarkatu dute, eta negar malkoak ikusi dira martxa egin duten batzuetako begietan.
Ondoren, Kongresura jo dute, eta ibilbidea egiteko erabili dituzten oinetakoak utzi dituzte han, beren aldarrikapenen ikur gisa.
Gaur goizean manifestazioa egingo dute, pentsio duinak eta erosteko ahalmena bermatzen duen eguneraketa sistema eskatzeko. "Madrilgo kaleak duintasunez beteko ditugu", iragarri du Gomezek, eta gazteak ere protestara batzea espero du, haien pentsioak baitira jokoan daudenak. Sol plazatik abiatuko dira, 11:00etan, eta Kongresuaren aurrean bukatuko dute manifestazioa.
%0,9ko eguneraketa
Hain zuzen ere, gaur iragarri du Espainiako jarduneko gobernuak 2020an %0,9 igo nahi dituela pentsioak, abenduan, horretarako botoak lortuz gero. Europako Batzordera igorritako 2020rako aurrekontu planean aipatu du Pedro Sanchezen gobernuak asmo hori duela. Aurrekontu proiekturik ez du aurkeztu PSOEren gobernuak, 2019koa aurrera ateratzeko nahikoa babes jaso ez zuelako. Edonola ere, Bruselari kopuru orokor batzuk erakutsi behar dizkio, hari dagokiolako kontu publikoak gainbegiratzea. Aurtengorako, BPGaren %2ko defizita espero du Espainiak, eta %1,7koa 2020rako.
Espainiako Gobernuaren iragarpena eszeptizismo handiz hartu du Andaluziatik abiatutako pentsiodunen bozeramaileetako batek, Angel Novok: "Ez dugu sinisten PSOEk edo beste gobernu batek esaten duen ezer".