Madrili erkidegoak kontrolatu eta BEZa igotzeko esan dio Bruselak

Kontu publikoak egonkortzeko gastua «maila guztietan» mugatu beharko duela esan dio Europako Batzordeak EspainiariAlemaniak finantza sektorean ditu gabezia handienak, eta Frantziak, lan merkatuan

2011ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Greziak defizit publikoaren inguruan esandako gezurrek nahikoa burukomin eragin diote euroguneari, eta Europako Batzordeak ez du gisa horretako beste ustekaberik nahi. Horregatik, Europako Batasuneko kide guztien aurrekontu proiektuak eta erreforma egitasmoak zorrotz gainbegiratuko zituela agindu zuen orain hilabete batzuk, eta bete du emandako hitza. Atzo, Bruselaren gomendioak entzutea egokitu zitzaien EBko kideei, eta inor gutxi libratu zen haren errietatik.

Espainiarekin aritu zen gogorren. Kontu publikoak egonkortu nahi baditu gastua mugatu beharko duela esan zion Bruselak, esparru guztietan mugatu ere, hasi gobernutik eta autonomia erkidegoetara arte. Gogorarazi zion erkidegoak direla herrialdearen gastuaren parte handi baten erantzule, eta haietako askok zegokiena baino gehiago gastatu zutela iaz. Hori horrela, autonomia erkidegoen gastuari sabaia ezartzeko Espainiako Gobernuak igorritako proposamena ontzat eman zuen Bruselak.

Defizitaren kontrako borrokan, berriz, zerga egonkortasunerako neurri gehiago hartzeko aholkatu zion Madrili. Eta ohartarazi zion ekonomia aurreikusi adina haziko ez balitz aurten ez duela beteko defizita BPG barne produktu gordinaren %6ren parera murrizteko helburua. Eta horrek datozen urteetarako finkatutako helburuak betetzea ezinezko egingo lukeela uste du Bruselak. Horrenbestez, diru sarrerak handitze aldera, neurri ugari proposatu zizkion Espainiako Gobernuari, besteak beste, BEZ balio erantsiaren gaineko zerga igotzea eta energiaren gaineko zerga sistema gogortzea.

Horiez gain, honako aholku hauek eman zizkion Bruselak Madrili: negoziazio kolektiboaren erreforma bukatzeko; soldatak produktibitateari lotzeko formulak abian jartzeko; lan kostuak gutxitze aldera enpresek Gizarte Segurantzari egiten dizkioten kotizazioak txikitzeko; aurrezki kutxen sektorearen berregituraketan sakontzeko; pentsio sistemaren erreforma martxan jartzeko...

Aholkuak denentzat

Espainiari baino gutxiago, baina EBko gainerako kideei ere esan zien zertan duten hobetua. Alemaniaren kasuan, finantza sektorearen berregituraketan tematu zen gehien Brusela. Haren ustetan, landesbanken edo eskualdeetako bankuen egungo negozio eredua ez da bideragarria. Horregatik, ahultasunei aurre egiteko, sektorea berregituratzeko eskatu zion Berlini. Horrez gain, lan merkatuan langileen parte hartzea handitzeko neurriak hartzea, energia sektorea liberalizatzea eta hezkuntzan diru gehiago inbertitzea galdegin zion.

Frantziak gabeziarik handienak lan merkatuan dituela uste du, berriz, Europako Batzordeak. Hala, aldi baterakotasuna gutxitzeko eta gazteen lan munduratzea errazteko neurriak hartzea aholkatu zion. Lanaren gaineko zergak murrizteko ere gomendatu zion, eta, kontrara, ingurumenaren eta kontsumoaren gainekoak igotzeko eskatu.

Italiari, ostera, Espainiari esandakoaren ildo beretik, gastu publikoa mugatzeko neurriak hartzea aholkatu zion Bruselak, batez ere administrazioaren gastua. Azkenik, Erresuma Batuari, haur eskola gehiago zabaltzeko eskatu zion, horrek gurasoei lan merkatuan parte hartzea erraztuko dielako. Etxebizitza merkatuaren erreforma egitea ere gomendatu zion.

Beraz, aholkuak denentzat, Greziarentzat, Irlandarentzat eta Portugalentzat izan ezik. Bruselaren irudiko, haiek nahikoa lan badutelako erreskateen truke agindutako guztia betetzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.