Urtetan gutxi izan dira Bilbao-2000 indizeari izena eta izana bateratu zaizkion uneak. 1.961 puntuen langatik magikoa dirudi 2.000koak, Errege Magoen opari kasik. Hego Euskal Herrian 35.000 lagun gehiago langabe izateak baino gehiago 2009ko KPI bateratua %0,9 izateak erakarri zuen txerritxo ehiztarien arreta. Ibex-35 %0,49 igo zedin zeresan handia izan zuen, bestalde, Santanderrek (+%1,11): hiru urterako zorra jaulki du, eroso asko, (hiru hilabeterako Euriborrean) %0,45eko gainsariarekin; tamainak axola duen erakusgarri. Popular (+%3,91) eta BBVA (+%0,69) ere kutsatu zituen errege erraldoiarenak, gureak Europako indizeen joeratik urruntzeraino. Ohiko merkatuan 2.654 milioiren salerosketa izan zen, urtarrilean magia indartsu dabilen erakusgarri, petrolioak, neguko hotza lagun, urritik honako maximo hau jo arren. Repsol-YPFk +%0,29) ez zuen zirkinik egin, eta Banesto, Sacyr, Iberia eta Tecnicas Reunidas izan ziren %2tik gora irabazi zutenak.
Barclays.Metrovacesa (+%7,49) etxebizitza enpresa bankuen kontrolpean dagoela jakina zen. Baita %52ra arteko beherapena ei duten etxebizitzak eskaintzen dituela ere. Bada, berrikitan Barclays bankua gehitu zaie akziodunei, kapitalaren %7ren jabe egin baita, Sanahuja familiak eurekin zituen zorrak ez ordaintzearen ondorioz. %22ko partaidetza du orain familia horrek, lehengo %80ren aldean eta, Barclaysek kendu dion partaidetza berreskuratzeko, akzioko 46 euro ordaindu behar lizkioke 2013 aurretik. Hori bai, burtsan, atzo, 16,5 euroan itxi zuen eguna.
Magiaren zain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu