Mahatsaren orpotik jada ez dator negua

Mahatsa biltzen hasteko garaia inoiz baino gehiago aurreratu da aurten: lehen udazkenekoa zen uzta udakoa bilakatu da orain. Arabako Errioxako mahastietan, uzta garaiz jasotzeko presa eta etorkizunari buruzko ezinegona nahasten dira.

Mahats bilketa El Mozo Wines upategiaren lursailetako batean, iragan astean. IÑIGO URIZ / FOKU
Mahats bilketa El Mozo Wines upategiaren lursailetako batean, iragan astean. IÑIGO URIZ / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Lantziego
2026ko irailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Aitona zenak —goian bego!— hau ikusi izan balu, ez zukeen sinetsiko!». Gorka Mauleon ardogilearen hitzak dira horiek, mahats ilun heldu-helduei begira esanak. Mahatsondo lerro bihurrien artean aurrera eginda, hor ageri da Mauleonen aitona zaharra zur eta lur utziko lukeen irudia: jornaleroak, jo eta su, mahatsa bildu eta bildu, eta traktorea erdian, iraila artean hasi berri dela.

Hain zuzen ere, mahats bilketaren hasierak tupustean harrapatu ditu aurten nekazari eta ardogileak Arabako Errioxan. Iaz jada ohi baino lehenago hasi zen, irailaren erdialdean; bada, aurten, abuztuko azken bi asteetan ekin diote bilketari, eta nabaritu dute aldaketa. Mauleonek Lantziegon dituen mahastietan, gogor jotzen du eguzkiak, eta izerdi patsetan ageri dira langile guztiak. «Garai batean, irailaren amaieran hasten zen mahats bilketa, eta urrira arte hor aritzen ginen. Pentsa, batzuetan, elurretan eta goitik behera estalita egin behar izaten genuen!», oroitu du ardogileak.

Lantziego inguruko mahastiak. IÑIGO URIZ / FOKU
Lantziego inguruko mahastiak. IÑIGO URIZ / FOKU

El Mozo Wines upategia kudeatzen du Mauleonek, ABRA Arabako upategi txikien elkarteko presidente Itxaso Compañonekin batera. Traktore gainera igota ikus daiteke Compañon, jornaleroen mahats baldekadak jaso eta jaso. Makina zaharraren zaratak estaltzen ditu inguruko hots guztiak, eta kostata entzuten zaio Compañoni traktore gainetik hizketan. «Lan gogorra da mahatsa biltzea, eta urtero bilketa aurreratzeak areago zailtzen ditu kontuak; kostatzen da langileak aurkitzea eta mahats guztia garaiz biltzea».

Jornaleroak

Agerikoa da lana gogorra dela, baina ikusleak ez luke halakorik nabarituko mahatsa biltzen dabiltzan jornaleroen indarrari eta umore onari bakarrik erreparatuta: traktorearen motorra isiltzen denetan, arabieraz eta amazigeraz egindako txisteak entzuten dira, eta barrez ematen diete arrapostua. Izan ere, jatorriz Magrebekoak dira mahats bilketan aritzen diren jornalero gehienak, eta lursail hau ere ez da salbuespen. Bensaya sendiko sei kidek osatzen dute lantaldea.

Mohammed Bensaya, mahatsa nola biltzen duen erakusten. IÑIGO URIZ / FOKU
Mohammed Bensaya, mahatsa nola biltzen duen erakusten. IÑIGO URIZ / FOKU

Aitak, Mohammed Bensayak, hiru semeak ekarri ditu Huelva bizilekutik (Andaluzia, Espainia) Arabako Errioxara mahatsa biltzera. Lau beso pare nahikoa ez, eta bere bi anaiei ere dei egin die, Marokotik etor daitezen uztarekin laguntzeko. «2002tik daramat mahats bilketan lanean, lurralde batetik bestera. 1998an heldu nintzen Espainiara, eta geroztik gogor nabil lanean, seme-alabek etorkizun hobea izan dezaten», oroitu du Bensayak, harrotasunezko irribarrea ahoan. 

«Hona etorri baino lehen, Murtzian egon gara, Gaztela-Mantxan ere bai... Lana dagoen tokira joaten gara, ogia irabazteko asmoz»

MOHAMMED BENSAYA Jornaleroa

Harro egoteko arrazoirik badu, semeek lanerako trebezia erakutsi baitute. Argazkilaria aurrean izateak akuilaturik, Hassan seme gazteak, artaziak eskuan, belar txarrez inguraturiko mahatsondoei ekin die ziztu bizian, eta kolpe zehatz eta azkarrekin bete du baldea, di-da. Bigarren urtea du mahats bilketan, eta, lana gogorra dela aitortzen badu ere, erakutsi du sasoia baduela.

Hassan Bensaya, ziztu bizian mahatsa biltzen. IÑIGO URIZ / FOKU
Hassan Bensaya, ziztu bizian mahatsa biltzen. IÑIGO URIZ / FOKU

Mahats lerro pare bat harago dabil lanean Hassanen anaia Marwan. Anaia gazteak baino patxada handiagoarekin ekin dio lanari, baina hor dabil bera ere kubo handiak betetzen. «Hona etorri baino lehen, Murtzian egon gara, Gaztela-Mantxan ere bai... Lana dagoen tokira joaten gara, ogia irabazteko asmoz», deskribatu du sendiko gizonezkoen bizimodua Bensayak.

«Bi mundu ezberdin»

Bizimodu ibiltari hori, ordea, gero eta zailago bihurtu du klima aldaketak, Mauleonek azaldu duenez. «Garai batean, mahats bilketa penintsularen hegoaldean hasten zen, eta hortik gora egiten zuen: lehenik Andaluzian, gero Gaztelan, eta azkenik Euskal Herrian. Orain, ordea, mahatsa leku guztietan heltzen da garai berean, eta gainerako uztak ere garai bertsuan heltzen dira. Ez dugu nahikoa jornalero eskaerari erantzuteko».

Mauleonen diagnostikoaren bat etorri da Ander Iglesias, UAGAk Errioxa jatorri izenaren kontseiluan duen ordezkaria eta Lantziegoko alkateordea. «Aurten, mahats zuriaren bilketa abuztu erdian hasi da, eta mahats beltzarena, berriz, abuztuko azken astean. Joan den urtean gurekin lan egin zuten Maroko eta Aljeriako jornaleroak oraindik beren herrialdean daude, eta ez dira garaiz iritsi bilketarako». 

«Prezioak hain baxu egonik, upategi batzuek ez diete mahatsik erosi nahi gure ekoizleei, edo ekoizpen gastuen azpitik dauden prezioak eskaini dituzte»

ANDER IGLESIAS UAGAko ordezkaria Errioxa sor-markan

Beste kontu batean ere bat datoz Mauleon eta Iglesias: nazioarteko egoera ekonomikoak ataka larrian jarri du Arabako ardogintzaren sektorea. «Gaur egun, mahats kiloa 50 eta 80 zentimoren truke erosten digute. Duela hogei urte ordaintzen zenaren herena da, eta horrek asko zailtzen du errentagarritasuna lortzea», kexatu da Mauleon.

Antzera hitz egin du Iglesiasek: «Prezioa hain baxu egonik, upategi batzuek ez diete mahatsik erosi nahi gure ekoizleei, edo ekoizpen prezioaren azpitik dauden prezioak eskaini dituzte. Horregatik eskatu dio UAGAk Eusko Jaurlaritzari esku hartu eta kontratuak betearazteko, ezin baita ekoizpen kostuak baino apalagoa den preziorik ordaindu nekazaritza produktuen truke».

«Gure sektorean, duela hogei urteko munduak, klima aldaketaren aurretikoak, ez du inolako zerikusirik gaur egungoarekin»

GORKA MAULEON El Mozo Wineseko jabea

«Orokorrean, duela hogei urteko mundua —klima aldaketaren aurretikoa, alegia— eta gaur egungoa bi mundu ezberdin dira, eta ez dute inolako zerikusirik». Irudi apokaliptiko hori margotu du Mauleonek, baina Iglesiasek eta Compañonek ere adierazi dute antzeko irudipena dutela. Klima aldaketak eta nazioarteko egoera ekonomiko ezegonkorrak bat egin, eta ekaitz perfektua sortu da ardogintzaren sektorearentzat; ondorioak ikusteko daude oraindik.

Belaunaldi etena

Beste arazo bat ere badu sektoreak: belaunaldi aldaketarik ez izatea. Mauleon eta Compañonen upategiak 11 hektarea ditu, baina hogeitik gora ustiatzen dituzte. Gehienak ezagun edo senideenak dira, ondorengoek hartu nahi ez eta El Mozo Winesen esku utziak. Halere, Mauleonek kontatu duenez, ez dute beste lursailik hartzeko gaitasunik. «Aurten jada hainbeste lan izan dugu, non lursail hau ezin izan dugun behar bezala eskokatu», azaldu du, mahatsondoen artetik irteten diren belar txar tantaiak seinalatuz.

Arostegi sendiako lau kideak, familiaren lursailean mahatsa biltzen. IÑIGO URIZ / FOKU
Arostegi sendiko lau kideak, familiaren lursailean mahatsa biltzen. IÑIGO URIZ / FOKU

Ardogileen belaunaldiak erretiroa hartzen ari dira pixkanaka, beraz, eta ez dute ordezkorik. Ez dirudi arazo hori dutenik alboko lursailean: Arostegi familia dago han, Jorge buru, emaztea eta Oinatz eta Uxue seme-alabak lagun dituela. «Mahasti zahar-zaharra da hau, duela 50 urtekoa. Familiarekin ustiatzen dut, eskala txikiagoan. Esaterako, 10 kiloko kuboak erabiltzen ditut, 15 edo 20koak erabili ordez, errazagoa baita guretzat jasotzeko», azaldu du Jorge Arostegik.

Txiki-txikian, uzta ederra bildu dute arostegitarrek, haien kamioia goraino beteta ageri baita. Nolanahi ere, hori ere bada arazo, Jorge Arostegiren arabera: «Normalean, Marques de Riscal eta halako upategiek erosten didate mahatsa, zaharra eta kalitatekoa delako, baina aurten, beroarekin hainbeste mahats irten denez, ez ei daude interesatuta... Ikusiko da zer egingo dugun hainbesterekin».

Jorge Arostegi, familiaren mahastian bildutako mahatsak kamioan kargatzen. IÑIGO URIZ / FOKU
Jorge Arostegi, familiaren mahastian bildutako mahatsak kamioian kargatzen. IÑIGO URIZ / FOKU

Uxue eta Oinatz Arostegik adi entzuten dituzte aitaren azalpenak, lanean babestuta kamerari ihes egiten saiatzen diren bitartean. Lotsati ageri dira, baina, behin hitz egitera ausartuta, bat datoz biak: lan gogorra da mahatsa biltzea, eta, etorkizunean egin nahiko luketen galdetuta, irribarre zalantzatiz eta sorbaldak goratuz erantzun dute.

Aitak berak ere ez du mahastizaintza lanbide bakar: Logroñoko eskola batean egiten du lan, eta baimena eskatu behar izan du lana utzi eta familiarekin mahatsa biltzera etortzeko. 

Egun tragikoa

Gogorra da, gogorra denez gero, mahastizaintzaren eta ardogintzaren ofizioa, eta herriko guztiak tximistaren pare jo dituen gertaera batek erakutsi du hori erabat gordin. Arostegitarren lursailean bisitan dela, telefonoz deitu diote Mauleoni. Erantzun du, eta beste aldean dagoenari entzun ostean, iragarpena egin, guztiok entzuteko moduan: «Davicin lakura erori da!».

Davicin David Calleja da, Hermanos Calleja upategiko jabeetako bat. Elvillarrerako (Araba) bidean dute upategia, Lantziegon, El Mozo Winesen upategiaren aurrez aurre, hain zuzen. Bestalde, tokiko nekazariek lakua deitzen dioten hori zera da, mahatsa biltzeko erabiltzen duten putzu handiena. Zaharrenak lurrean bertan eginda daude, kamioiek zama errazago deskargatzeko. Horrelakoa da Hermanos Calleja upategikoa. Irrist egin, barrura erori eta hil egin da anaietako bat.

Larrialdietako langileak, eguerdiko ezbehearra jazo zen tokian. IÑIGO URIZ / FOKU
Larrialdietako langileak, ezbeharra gertatu zen tokian. IÑIGO URIZ / FOKU

Ezbeharra izan den lekura hurbilduta, tragedia da nagusi. Behin ardogile bat mahatsa edo ardoa hartzitzen den putzura edo upelera erori ostean, ia segurua izaten da hilko dela: hartzidurak sortzen duen karbono dioxidoak berehala pozoitzen du biktima, eta minutu gutxian hil. Ondotxo dakite hori herritarrek, eta kezkaz begiratzen dute aldapan gora, Hermanos Calleja upategia dagoen tokira.

Larrialdi zerbitzuak han dira jada, gizona suspertu nahian. Upategiko atean, ertzainek, osasun langileek eta suhiltzaileek nola diharduten begira ari dira zenbait herritar, ezbeharra bertatik bertara ikusi dutenak. Haien artean dira gizona putzutik atera behar izan dutenak. Nekazari gazte batek agure bati deskribatzen dio, xehetasun lazgarriekin, nolakoa izan den erreskate saiakera.

Gordintasunaz landa, gazteak etengabe errepikatzen duen esaldia geratzen da gogoan iltzatuta: «Nik ez dut horrela amaitu nahi, ez, nik ez dut horrela amaitu nahi...». Horra gazte franko lanbidetik urrundu dituzten arrazoietako bat. Galdera agerikoa da: nola amaituko du ardogintzak, testuingurua hain zaila den honetan? Ezin erantzuna jakin, ezta datorren urtean mahatsaren bilketa abuztu hasieran hasiko ote den ere. Denborak esango du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA