Mahats bilketa kanpaina betean, ezbeharra jazo da gaur Arabako Errioxako Lantziego herrian. Eguerdia pasatxo, bizilagunek Hermanos Calleja upategiko jabeetako bat aurkitu dute, mahatsa biltegiratzeko erabiltzen den putzuan, laku deritzonean, ahuspez. Antza denez, irrist egin eta barrura erori da gizona, eta mahatsaren hartzidurak eragindako karbono dioxidoa arnasteagatik konortea galduta ito da. Bizilagunek gizona putzutik ateratzea lortu badute ere, ez dute berpiztea lortu, eta heriotza baieztatu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, ordu biak aldera.
Eguerdiko hamabi eta erdiak zirela hasi dira Lantziegoko herritarrak auzokide eta ezagunen deia jasotzen: «Hermanos Calleja upategiko jabeetako bat lakura erori da!», aritu dira bata besteari esaten. Jendetza bildu da Bilarrerako (Araba) bidean kokaturiko upategiaren inguruan. Hasieran, bizilagunak izan dira gizona putzutik ateratzea lortu eta berpizteko maniobrei ekin dietenak. Artean bazuen pultsua biktimak, baina karbono dioxidoa arnastuta pozoitu da, eta likido ugari irentsi du; horrenbestez oso larri zegoen.
Gerora iritsi dira larrialdi zerbitzuak: anbulantzia eta Ertzaintza lehenik, larrialdietarako anbulantzia eta suhiltzaileak ondoren. Luzaro aritu dira larrialdi zerbitzuetako langileak gizona berpizteko ahaleginetan, eta jendetza bildu da: herritarrez gain, Lantziegoko alkatea, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Noemi Agirre Nekazaritzarako foru diputatua ere bertaratu dira ezbeharraren tokira. Azken bi horiek Eltziegon zeuden, Arabako Errioxan, mahats bilketaren hasiera ekitaldian, eta Lantziegora hurbildu dira ezbeharraren berri izatean.
Karbono dioxidoa, ardogileen etsaia
Larrialdi zerbitzuek ez dute lortu upategiko jabea suspertzea, eta eguerdiak aurrera egin ahala akitu da esperantza. Ordu biak zirela baieztatu dute Segurtasun Saileko iturriek gizonaren heriotza.
Gertaera tragikoa da, baina, zoritxarrez, Arabako Errioxako bizilagunei ez zaie arrotza. Mahatsak eta ardoak hartzitzean sortzen duten karbono dioxidoa aski ezaguna dute nekazari eta ardogileek, oso gas arriskutsua baita: behin putzura edo upelera erorita eta arnastuta, biktimak berehala galtzen du konortea, eta denbora gutxian itotzen.
Ikusi gehiago
Zaila izaten da horrelakoetan eroria salbatzea. Ez hori bakarrik; sarri, bat baino gehiago hiltzen dira: erori dena ez ezik, hura salbatzera joandakoa ere itotzen baita karbono dioxidoaren eraginez, efektua hain azkarra izanik. Horixe bera gertatu zen duela hiru urte Lantziegon bertan: 60 urteko gizon bat ardoa hartzitzen ari zen upel batera erori zen. Bertan hil zen gizona, eta baita hari laguntzeko asmoz upelera salto egin zuen 60 urteko lankidea ere, biak hala biak karbono dioxidoak itota. Beste batek ere, 31 urtekoa hura, upelera salto egin zuen, eta bizilagunek «ozta-ozta» atera zuten bizirik.
Duela sei urte, berriz, beste bi pertsona hil ziren, modu berberean, Arabako Lapuebla de Labarca herrian.
Gaur Lantziegon hildakoa kontuan hartuta, LABen zenbaketaren arabera, 46 dira Euskal Herrian lanean ari zirela hildakoak.Â
Prebentzio neurrien beharra
Eusko Jaurlaritzak doluminak eta elkartasuna helarazi dizkie hildako langilearen familiari, gertukoei eta lankideei, eta ardogintzaren sektoreari eskatu dio segurtasun eta prebentzio neurriak zorrotz zaintzeko mahats bilketak eta upeltegietako jarduerak dirauten bitartean.
Bereziki, karbono dioxidoa metatzen den eremuetan sortzen diren arriskuez ohartarazi du Nekazaritza Sailak, eta gogorarazi leku horietan ez dela bakarrik lan egin behar eta ez dela inoiz erreskate lanik egin behar horretarako babes neurri egokiak izan ezean, litekeena delako ahalegin horietan biktima gehiago izatea.