Lantegietan normal ari dira jarduten berriz, nahiz eta batzuetan ez ehuneko ehunean. Sektore batzuetan beharrezkoa da sistemak berrabiaraztea, eta horretarako denbora behar da, bereziki makina handiak erabiltzen dituztenetan. Gainera, martxan jarri aurretik, argindar itzalaldiak akatsik eragin ote duen aztertu beharra dago, atzokoaren gisako ezusteko geldialdien ondorioz makinetako piezak hautsi edo blokeatu baitaitezke.
Berrabiaraztea konplexuagoa da industrian. Euskal Herriko bi lantegi nagusietan, Gasteizko Mercedesen eta Iruñeko Volkswagenen esaterako, orduak daramatzate muntaketa kateetako gailuak eguneratzen eta berrikusten. Horren ondorioz, Nafarroako fabrikaren ekoizpena geldirik zegoen gaur goizeko lehen orduetan.
Mercedesen gaur itzuli dira lanera. Atzo jaieguna zen Araban, eta ez zen jarduerarik izan, edo oso gutxi. Michelinen ere antzera; han, produkzio linea bakar batek funtzionatu zuen, eta martxan eduki ahal izan zuten ekipo elektrogenoei esker.
Atzoko itzalaldiak kalte egindako sektore nagusia industria elektrointentsiboa izan da. Siderurgia eta papergintza, adibidez. Sektore horietan segurtasuna bermatzea izan zuten lehentasuna, batez ere gasa erabiltzen duten azpiegituretan.
Segurtasuna lehentasun
Tubos Reunidosek ere eten egin zuen jarduna. Gaur, normaltasunera pixkanaka itzultzen ari dira, baina ekoizpena ez da erabatekoa. Gauza bera Arcelor Mittalek Hego Euskal Herrian dituen zazpi instalazioetan. Jarduera eten zuten atzo, eta larrialdi sistemak martxan jarri zituzten. Gaur labeak eta cok bateriak piztu dituzte. Sidenorren ez dira gelditu. Atzo, minutu gutxi batzuetan salbu, jarduerari eutsi zioten ekipo elektrogenoei esker. Dena den, gogoratu behar da sektore horretako enpresa ugaritan enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak dituztela aspalditik, eta produkzio maila apalduta dagoela.
Petronorrek Bizkaian duen findegia da sektoreko beste lantegi nagusietako bat. Atzo arratsaldean itzuli ziren lanera eta gaur goizean jarraitu dute makinak «modu ordenatu eta mailakatuan» abiarazten. Itzalaldiagatik instalazioak gelditu zituztenez tarte batez, ke asko isuri zuten, eta horrek kezka eragin zuen bizilagunen artean. Halakoak ohikoak direla eta arriskurik ez dagoela nabarmendu du findegiak. «Hain zuzen ere, behar bezala funtzionatzen ari diren eta beren funtzioa betetzen ari diren seinale da hori». Halaber, Petronorrek esan du findegia erabat martxan jarri bitartean, sor daitezkeen zaratak «minimizatzeko» jarduerak planifikatu dituztela eta «emisioen etengabeko jarraipena» egingo dutela, horiek «kontrolatzeko eta murrizteko».
Elikagaien sektorea ere argindarraren oso menpekoa da. Alinar Nafarroako, Errioxako eta Aragoiko Nekazaritzako Elikagaien Industrien Elkarteak azaldu duenez, itzalaldia izan zenean arazoak izan zituzten ekoizpenarekin, baina ekipo elektrogenoei esker aurre egin zioten, eta hozkailuetan zuten produkzioa aparteko arazorik gabe mantendu zuten.