ANDOAIN. Paper eta film silikonatuak fabrikatzen ditu 1974. urtean sortutako Itasa enpresak. Hainbat sektoretarako fabrikatzen du, hala nola zinta autoitsaskorren sektorerako, medikuntzarako edo higienearen sektorerako. Itasaren inbertsio politikak emaitza onak eman ditu: 2012. urtetik %40 igo da fakturazioa.
Aurtengo urtarrilean bederatzi langile gehiago kontratatu zituen Andoaingo plantak, eta 140 langile ditu orain. Iaz, 66 milioi euroren salmentak izan zituen, eta 2018. urtean 80 milioi euroko fakturazioa gainditzea espero du. Ekoizten duenaren %80 baino gehiago Europara eta AEBetara esportatzen du enpresak.
Gaur egun, bi lantegi ditu Itasak, Andoaingoa eta Mexikokoa —hogei langile ditu han—. Orainh Malaysiako Nilai herriko Akronn enpresa erosi du, etah inbertsio horrekin, Asian duen posizioa sendotuko du.Sakelako telefonoak, ordenagailuak eta antzeko produktuak ekoizteko erabiltzen da film silikonatua, eta sektore horretan hazkunde handienetakoa izaten ari den merkatua da Asiakoa.
Malaysiako plantan hemeretzi langile ditu konpainiak, eta datorren urtean 2,7 milioi euroren irabaziak izatea espero du Itasak. Nilaiko fabrikan 100 milioi metro koadroko ekoizpen gaitasuna izango du. «Arrakastaren gakoa etengabeko inbertsioa izan da», azaldu du enpresak, eta zehaztu du azken urteetan 30 milioi eurotik gorako inbertsioak egin dituela.
Malaysiako Akronn enpresa erosi du Andoaingo Itasak
Film silikonatuen Asiako merkatuan lekua hartzea du helburu konpainiak, eta nazioartera gehiago zabaltzea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu