Agoizko Siemens Gamesa ez itxi. Ehunka pertsonak manifestazio zaratatsua egin dute gaur arratsaldean, Iruñeko geltoki zaharretik Nafarroaren jauregiraino. Hara iritsitakoan, Ainara Lizarragak hitz egin du enpresa batzordearen izenean: «Agoizko Gamesako langileak gure indar guztiekin borrokatuko gara enpresaren erabakia baliogabetzeko».
Langileen ustez, gainera, foru gobernuak badu zeresana arazo honetan. Haien arabera, Siemens Gamesa «diru publiko asko jaso duen enpresa da, eta Nafarroako gobernuak ezin du beste alde batera begiratu».
Horregatik hitz hutsak alde batera uzteko, eta «benetako konpromisoak» hartzeko galdegin diote gobernuari. Herriak husten ari direla eta, Nafarroako Gobernuak kezka agertu du askotan; beraz, enpresa batzordeak uste du orain duela kezka hori benetakoa dela adierazteko garaia.