Mario Fernandez (Bilbo, 1943). Abokatua. Finantza merkatuen zuzenbidean eta bat-egiteetan aditua. Unibertsitate irakaslea. Politikan aritua, bai EAJren izenean, bai EArenean. Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan jendaurrean EAJ eta Juan Jose Ibarretxe EAJko lehendakarigaiaren alde agertua. Profil hori du BBK Bizkaiko aurrezki kutxako presidente berriak. Gaur hartu du kargua, Xabier Iralaren partez, Administrazio Kontseiluak horretarako izendatuko baitu. Hain zuzen, Iralak proposatu zuen Fernandez bera ordezkatzeko.
BBK-ko presidenteordea ere hautatu dute: Jose Mari Iruarrizaga. Izan ere, Joseba Mikel Arieta-Araunabeña gaur arteko presidenteordeak postua uztea erabaki du.
Iralak apirilaren 23an iragarri zuen uztailaren amaieran kargua utziko duela, osasun arrazoiengatik; izan ere, 2007ko martxoan garuneko infartua izan zuen. 2003ko ekainetik egon da karguan.
Fernandezek harreman profesional estua izan du finantza erakundeekin eta enpresekin, BBVArekin batez ere, bai bankuaren bat-egitean, bai ondoren. BBVAko Lege Gaietarako zuzendari nagusia eta BBVA Taldeko Zuzendaritza Batzordeko kidea izan zen 1997tik aurrera. Horrez gain, bere abokatu bulegoak BBVAri aholkularitza eskaini zion Latinoamerikan bankuak eta pentsio funtsak kudeatzen dituzten erakundeak erosteko.
Iberdrolaren defentsa lanean parte hartu zuen, EDFk argindar konpainia eskuratzeko asmoen auzian. Eta Athleticen estatutuak aldatzeko batzordeko kidea da, zuzendaritzak izendatuta.
Fernandezek ibilbide politiko oparoa izan du: 1980tik 1984ra Jaurlaritzako Lan sailburua izan zen, Carlos Garaikoetxearen lehen gobernuan; lehendakariorde izendatu zuen bigarren legegintzaldian, baina EAJren zatiketaren ostean, politika utzi zuen.
1987an berriro itzuli zen. EAren hautagaia izan zen Bilboko alkatetzarako, baina ez zuen lortu. Zinegotzi izan zen aurrena, Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkide gero.
BBK, sendo
Kutxa sendoa jaso du Mario Fernandezek, iazko "emaitza historikoen" ondoren. BBK-k 339 milioi euro irabazi zituen, 2007an baino %10 gehiago. Kaudimena %21,5ekoa du, errentagarritasuna %40koa eta berankortasun tasa %2,19koa. Aurtengo lehen hiruhilekoan 60,6 milioi euro irabazi ditu, iaz baino %5,4 gehiago.
Hala ere, BBK-k ere nabaritu ditu krisiaren ondorioak eta, gainerako finantza erakundeen moduan, neurriak hartzen ari da. 18 bulego itxiko ditu: 15 Espainian eta hiru Herrialde Katalanetan.
Krisiaz gain, Fernandezek beste erronka nagusi bat izango du mahai gainean: kutxen bat-egitea. Xabier Iralak bat-egitea lortu gabe utzi baitu kargua.
EkoNOMIA
Mario Fernandez da BBK-ko presidente berria
Abokatu, irakasle eta Jaurlaritzako lehendakariorde ohia da Xabier Iralaren ordezkoa Bizkaiko aurrezki kutxen ardura postuan. Jose Mari Iruarrizaga izendatu dute presidenteorde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu