Bilboko balkoietan ugaldu egin dira trapu marra zuri-gorridunak, gaurko futbol partidaren karietara. Burtsan, aurpegi zuriak, zurbilak, inbertsiogile ehiztarienak dira, eta, zenbaki gorriak, galerenak, akzioek, txerritxoek jartzen dituzte. Urteko minimoa jo du Bilbao-2000k, Bilbon futbol euforiak maximoa jo duen hein berean. 2.032 milioiren salerosketan, banku handiek ez zuten erreboterik izan, eta, Santanderrek %1,78 galdu bazuen, BBVAk %2,29 galdu zuen etxean jokatuta ere. Futbolean errebotez ere irabaztea onetsiko genukeen lez, burtsan errebotea bezperako ajearen adierazgarri izan ohi da, eta, oraingoz, ajea aje. %4na pasa galdu zuten Ferrovial, Gamesa edo Red Electricak. Londresko burtsak %3 pasa galtzeak Europako ametsa zertan den islatzen du. Wall Street argimutil isila izan zen atzo, ez baitzuen joera finkorik agertu. Euriborra %2ko maila zulatzear da, eta biharko EBZ diru merkatzearen aldeko epaile izatea espero da. Guztia beharko dugu.
Autogileak. Ford, Toyota edo Nissan. Berdin dio. %40 inguru jaitsi dira autogile horien salmentak AEBetan ere eta garbi azaltzen du, finantzaketa estutu ahala, autoak «irensteko» gaitasuna mugatu egiten zaiola ekonomiari. Edo agian premia ere, ez duela hainbestekoa. Hortaz, Suediako Gobernuak adierazi berri du gehiegizko auto-ekoizpen ahalmena daukala munduak, eta murriztu beharra dagoela. Saab etxekoa izanda, badaki zertaz ari den. Euskal ekonomiarentzat, eta, bereziki, Nafarroakorentzat ez dira berri onak.
Marra zuri-gorriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu