Match point

Iker Aranburu.
2010eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Lan merkatuaren erreformaren partida luzea irabazteko zorian daude enpresaburuak. ZP epailea alde jarri zaio, eta zalantzazko pilota batzuk ere onartzen dizkio patronalari. Ikusle askoren txistuak bost axola zaizkio epaileari, pantaila erraldoian beste partida batek erakartzen duelako bere arreta: Espainiako zor publikoak diru merkatuekin duen lehia. Eta partida hori, oraingoz, galtzen ari da ZP. Atzo, bigarren egunez jarraian, goia jo zuten Espainiako zorraren interesek: 166 puntuko aldea zegoen bezperan Espainiako hamar urteko bonuaren eta Alemaniakoaren artean -azken 15 urteotako errekorra-, baina atzo 175era iritsi zen. Espainiaren zorra erosten dutenek %4,410eko interesa lortzen dute, eta %2,659ra alemaniarraren erosleek. Datuak ez du hondamenik ekarri Madrilgo burtsan (-%0,34), baina hori lagun amerikarraren egun onari zor dio. Hori bai, Eurostoxx50 indize europarrean beherakada handiena Santanderrek (-%0,8) eta BBVAk (-%1,26) izan zuten.



Iberdrola (-%0,22) ere gogor jokatzen ari da ACSren aurkako partidan. Atzo gezurra esateaz akusatu zuen, iazko emaitza errepikarietan ACSren 988 milioi euroko irabaziak benetan 405 milioiko galerak izan zirela ziurtatu baitzuen.



Siemens (-%0,18) eta Areva ikertzen ari da Europako Batzordea, lehiaren aurkako jarduerengatik. Proiektu nuklearrak elkarrekin garatzeko akordioa zuten bi enpresek, baina 2008an hautsi zutenean Siemensi sektorean ez lehiatzeko klausula jarri zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.