Lan gatazka

Mecanerreko langileek greba egingo dute 21ean, lantegia ixtearen aurka

Stellantis taldearen asmoak aurrera eginez gero, 148 langile kalean geratuko dira. 

Mecanerreko langileen protesta, gaur, Urdulizen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko irailaren 15a
16:47
Entzun

Borrokarako deia egin dute Mecaner enpresako langileek. Urdulizen (Bizkaia) du egoitza enpresak, eta trokelak egiten ditu autogintzarako. Stellantis multinazionala da haren jabea —Peugeot, Citroen, Fiat, Opel, Jeep eta beste askoren egilea—, eta irailaren 1ean langileei jakinarazi zien lantegia ixteko asmoa zuela, haren esanetan, lantegia ez delako bideragarria.

Arrazoi hori «aitzakia» iruditu zaie Mecanerren ordezkaritza duten lau sindikatuei (ESK, LAB, ELA eta CCOO). Haien arabera, enpresak azken urteetan irabaziak izan ditu, eta «nahi beste ez irabaztea» da lantegia ixtearen arrazoia. «Helburu bakarra mozkinen marjina handitzea besterik ez da, langileen eta eskualde osoaren gain erabaki horrek izango dituen ondorio latzak kontuan hartu gabe. Horrenbeste ez irabaztea aitzakia izan daiteke 148 familia kalean uzteko?».

Mecanerren 144 langile ari dira gaur egun, baina garbiketa egiteko azpikontratatuta dauden lau langileak ere zenbatu ditu Mecanerreko enpresa batzordeak.

Enpresa ixteko erabakian atzera egiteko eskatu diote langileen ordezkariek Stellantiseko zuzendaritzari. Bilera bat egin nahi dute haiekin, itxiera ez diren beste irteera batzuk negoziatzeko. Presio egitearren, enpresa batzordeak grebara deitu du datorren ostegunerako, hilaren 21erako. Urriaren 7an, berriz, Urdulizen manifestazio bat antolatu dute.

Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari ere eskatu diete gatazkan esku hartzeko. «Euskal instituzioek ezin dute onartu lantegien ixte etengabea, ezta deslokalizazioa eta enpleguen txikitzea».

Nabarmendu dutenez, enpresa «historikoa» da Mecaner, «erreferentzia bat» Bizkaian. «Gure zainetan daramagu, eta borroka egingo dugu defendatzeko».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.