Autogintza

Mercedesek baieztatu du ibilgailu elektrikoak egingo dituela Gasteizen

2025eko lehen hilabeteetan irtengo dira lehen aleak. Lantegia handitzeko inbertsioa baieztatzea falta da orain.    

Mercedesen lantegiaren kanpoaldea, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2022ko abenduaren 12a
14:05
Entzun

Mercedes-Benzek baieztatu du Gasteizko lantegian ibilgailu elektrikoak ekoitziko dituela 2025etik aurrera. Irailean aurreratu zien albistea Emilio Titos Gasteizko plantako zuzendariak bere azpitik dauden 200 arduraduni, baina Alemaniako multinazionalaren baieztapen ofiziala falta zen, eta gaur iritsi da.

Ibilgailu elektrikoak zein lantegitan eta nola ekoitziko dituen erabaki du Mercerdesek. Hau da, datozen urteetarako plana ondu du, eta argitu du Gasteizko lantegian zer egingo duten. Gama altuko furgoneta bat izango da, gaur egun egiten dituztenaren familiakoa, baina errekuntza motorrik barik elektrikoa izango duena. 2025eko lehen hilabeteetan irtengo dira lehen aleak, eta gaur egun muntatzen diren ereduekin uztartuko da (V, EQV, Vito eta Vito Tourer klaseak egiten dituzte).

Furgoneta elektriko handiak Polonian egingo dituzte ordea, Jawor hirian eraikiko duten planta berrian. Gaur egun Dusseldorfen (Alemania) egiten dituzte erabilera komertziala duten ibilgailu eredu horiek, baina datorren urteko bigarren erditik aurrera furgoneta handi elektrikoak ere muntatuko dituzte han, baita txasis-kabina ereduak ere. Azken horiek Ludwigsfeldeko lantegian (Alemania) egiten dituzte egun.

Inbertsioa, azken pausoa

Europako lantegietako banaketa erabakita, Gasteizko planta elektrifikatzeko iragarritako 1.200 euroko inbertsioa baieztatzea falta da orain. Ziurtzat jotzen zen jada uztailean lan ituna adostu ondoren, baina, ekoizpena eta auto modeloa erabakita, dirua iristea besterik ez litzateke faltako.

Lantegia ia 24 hektarea handitzeko baimena eman zion Gasteizko Udalak jada. Zabalagana parkearen alboan zabalduko da, eta bide emango luke ekoizpena bikoizteko. Hala ere, argitzeke dago hori ere; kopurua jakitea da hurrengo pausoa. Iaz, esaterako, 134.000 furgoneta ekoitzi zituen Gasteizen, eta aurten 141.000 inguru egitea espero da, udan kalkulatu baino 16.000 gutxiago.

Zuzendari berria

Alemaniako multinazionalak aurreko astean iragarri zuen Gasteizko lantegiko zuzendari berria nor izango den. Izan ere, Emilio Titosek erretiroa hartuko du, 40 urte baino gehiagoz karguan egon ondoren. Bernd Krottmayer alemaniarra izango da lemazain apiriletik aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.