Mercedes-Benzek langileak behar ditu Gasteizko lantegirako. Autogileak behin-behineko ehun behargin kontratatu zituen pasa den abuztuan, eta, oraingoan zehazki zenbat izango diren zehaztu ez badu ere, «ugari» izango direla adierazi du. Adeccok eman du albistea, langileak topatzeaz arduratuko den enpresak.
Mercedesek kontatu du beharginak behar dituela Van.Ea (Van Electric Architecture) izeneko plataforma modularrean jarduteko, hau da, furgoneta elektrikoak ekoizteko, nagusiki VLE modelokoak.
Mila milioi euroko inbertsioa egin du Gasteizko lantegian instalazioak handitzeko eta behar berrietara egokitzeko, eta apirilean aurkeztu zuten han fabrikatzen ari diren VLS bidaiarientzako furgoneta. Lehen ibilgailu elektrikoak irailean atera ziren ekoizpen lerrotik. Hurrengoak izango dira zama garraiatzeko furgonetak —horiek dira VLE izenekoak—, limusinak eta errekuntza motorreko furgoneta berriak. Modelo horiek guztiak Vission V izeneko gamaren barruan bilduko dira.

Urte erdirako Van.Ea plataformatik aterako dira segidan VLE modelo elektrikoak, eta espero dute Gasteizen 11.000 ale egitea urtea amaitu baino lehen. Horretarako 24 orduz izango dute martxan lantegia, langileak hiru txandatan banatuta. Atal batzuetan modu horretan ari dira beharrean jada.
Gasteizen, aurten, ibilgailu elektrikoen produkzioa konbustioko ibilgailuen ekoizpenarekin uztartuko da, eta merkatuaren beharretara egokitzeko malgutasuna izango du fabrikak. Lehen urtebetean hamar furgonetatik bat izango da argindar bidezkoa.
Teknikariak eta administrariak
Mercedesek muntaketa teknikariak eta logistika administrariak behar ditu. Adeccok azaldu du postu horiekin lotutako lanbide heziketako titulu bat izatea beharrezkoa izango dela, baita autogintzan edo industrian esperientzia izatea eta Gasteizen edo inguruan bizitzea ere, besteak beste.
Konpainiak behin behineko kontratuak eskainiko ditu «jarraitzeko aukerarekin», jardunaldi osokoak edo partzialekoak, eta hasierako formakuntza bat ere emango die langile berriei. Gaur egun, Gasteizko fabrikan 5.000 lagun inguruk egiten dute lan.