EBren eta Mercosurren arteko hitzarmena etetea zuen helburu asteazkenean Europako Parlamentuak onartutako mozioak. Baina ez dago argi hori gertatuko den, indarra hartzen ari delako Europako Batzordeak akordioa behin-behinean ezartzeko aukera.
Friedrich Merz Alemaniako kantzilerra da akordioa ezartzearen aldeko ahots indartsuena, eta atzo esandakoak berretsi ditu gaur bertan Davosko Foroan emandako hitzaldian. Merzen ustez, litekeena da akordioa aldi baterako ezartzea: «Sentitzen dut Europako Parlamentuak atzo beste oztopo bat jarri izana gure bidean. Baina ziur egon: ez gaituzte geldiaraziko. Mercosurrekin lotutako akordioa bidezkoa eta orekatua da. Ez dago alternatibarik Europan hazkunde handiagoa lortu nahi badugu».
Aukera hori ez du Alemaniako kantzilerrak bakarrik aitatu. Parlamentuak akordioa bi urtez eten dezakeen mozioa onartu eta egun berean, asteazkenean, pisuzko europarlamentari batzuek bultzatu zuten Batzordea pauso hori ematera; adibidez, Europako Alderdi Popularreko merkataritza arloko buru Joergen Warbornek: «Gure homologoak oso urduri jartzen ari dira, eta ni oso urduri jartzen ari naiz».
I regret that the European Parliament has put another obstacle in the way of Mercosur. But rest assured: We won't be stopped. The Mercosur-deal is fair and balanced. There is no alternative if we want to have higher growth in Europe. pic.twitter.com/xtlfeXd93R
— Bundeskanzler Friedrich Merz (@bundeskanzler) January 22, 2026
Berez, hainbat legelariren arabera, Europako Batzordeak ez du oztopo legalik merkataritza akordioa behin-behinean aplikatzeko. Baina politikoki urrats arriskutsua izan daiteke Ursula Von der Leyen batzordeko presidentearentzat. Izan ere, auziak auzi, EBko herrialdeek akordioa aldi baterako ezartzea erabakiz gero, baliteke Von der Leyenen kargua jokoan egotea Parlamentuan, eta gerta liteke haren kontrako zentsura mozioren batek —ultraeskuinak halakoak aurkeztu izan ditu— arrakasta izatea azkenean.
«Ondorioak oso kaltegarriak lirateke, batez ere herritarrek EBrekin duten harremanetan. Europa ez da herriaren subiranotasunaren kontra eraikitzen»
MAUD BREGEON Frantziako Gobernuaren bozeramailea
Frantzia da EBren eta Mercosurren arteko akordioa etetearen aldeko ahots indartsuena. «Ursula von der Leyenek, Europako Batasunak hitzarmena behin-behinean ezarriko balu, Parlamentuaren bozketa kontuan hartuta, demokrazia bortxatzea litzateke», esan du gaur bertan Maud Bregeon Frantziako Gobernuko eledunak. «Ez dut imajinatzen. Uste dut ondorioak oso kaltegarriak liratekeela, batez ere herritarrek EBrekin duten harremanetan. Europa ez da herriaren subiranotasunaren kontra eraikitzen».
Iritzi desberdin horiek mahai gainean egongo dira gaur Bruselan, EBko herrialdeetako agintariak bilduko direnean, 19:00etan. Berez, AEBen mehatxu eta erasoen kontra erabili beharreko tresnak izan beharko lukete eztabaidagai nagusia Europar Kontseiluan. Baina gai horiei beste bat lotu zaie: zer egin Mercosurreko itunarekin. Izan ere, Frantzia da AEBen hertsatzearen kontrako neurrien —bazuka komertzialaren— bultzatzaile nagusia, eta Alemania konbentzitu behar du oraindik. Mercosur traturen batean sar daiteke?
Brasil, prozesua bizkortzen
Bitartean, Atlantikoaren beste aldean, presioa areagotzen ari da hitzarmena aplikatzeko. Brasilek bart gauean agiri bat atera du, esanez bizkortu egin duela akordioaren berrespena. «Lehentasun guztia» eman diote. Uruguaik ere bizkortu ditu lanak, akordioa berresten duen Mercosurreko lehen herrialdea izan nahi duelako. Mario Lubetkin Atzerri ministroaren arabera, Paraguaitik ziurtagiriak iritsi zain daude, testua parlamentura igorri eta haren eztabaida abiatzeko. Garrantzitsua izan daiteke Mercosurreko herrialde batek akordioa berrestea, berez hori baita baldintza bakarra EB ituna ezartzen hasteko.
Von der leyenek zentsura mozioa gainditu du
Europako Parlamentuko ultra eskuineko taldeek bultzatutako azken zentsura mozioa gainditu du gaur Europako Batzordeko presidenteak, joan den uztailetik zazpi hilabetetan gainditzen duen laugarrena.
Zehazki, laugarren mozio hau EBren eta Mercosurren arteko akordioa sinatu izanagatik aurkeztu zioten Von der Leyeni, eta ekimena izenpetu zuten Europaren Aldeko Patrioten kide guztiek, Europako Kontserbadore eta Erreformisten eta Europako Nazio Subiranoen kide batzuek.
Azkenean, Parlamentuko bozketan 165 bozka izan dira Von der Leyen kargugabetzearen aldeko, 390 boto izan dira kontra eta hamar abstentzio. Ezkerrak ez du parte bozketan.